Egunean baino egunean letra gehiago eransten zaio hiru letrarekin hasi zen sigla horri. Horretara, sexu-joera ezberdinak dituztenak, sexua aldatzen dutenak, nork bere burua hautemateko modu ezberdinak dituztenak, bitarrak, ez-bitarrak, badaezpadako bitarrak, hirutarrak, enegarrentarrak, hamaikagarrentarrak… harro daude. Ez dut ulertzen zergatik egon behar duten harro eurak direnak izatearren, ez eta zergatik lotsatuta egon beharko luketen ere horregatik beragatik.
Harrotasun Eguna ospatzen/egiten/burutzen hasi zirenetik hona geroago eta zalantza gehiago sortzen zait egun haren benetako helburua dela-eta. Ikuskizun huts bihurtu ote delakoan nago. Gure inguru kapitalistan nork bere burua nahi duen legez agertu ahal duten horiek Gazako Zerrendan izan al lezakete aukera bera Hamasen agintearen mendean? Ostarkua erakutsi ahal dute han, gizarte kapitalista honetan egin dezaketen bezala? Elkarrekin ezkondu ahal dira gure gizarte kapitalistan egin dezaketen bezala?
Dirua barra-barra eralgi ahal duten horiek, teknologiarik aurreratuenak eta garestienak erabiltzen dituzten horiek harro ote daude Afrikako Erdialdeko litio-meatzeetan gau eta egun lanean jopu legez diharduten ume adingabeen eskubiderik ezarengatik? Ala ume horiek guztiak ikusezin dira bizimodu patxadatsua duten horientzat? Egunak eta egunak jai amaigabean eman ditzaketen horientzat? Bestela esanda, euren buruaz harro egon daitezkeen horiek ba ote dituzte buruan eurak bizi diren gizarte berean arrunt bizi ezin direnak?
Ezberdinak izatearren duten harrotasun hori dela-eta Harrotasun Egunean ez lituzkete aldeztu beharko Gazako Zerrendan, Txinan eta beste hainbat leku ez-kapitalistatan euren ezberdintasuna agertu ezin dutenak? Garrantzitsuagoa ote da guaiak izatea inoren kontuekin, norberarenak arriskuan jarri barik? Bide batez, jakin ote daiteke zeintzuk diren urtean-urtean jaiak direla-eta antolatzen diren ekitaldi guztietako kontratistak? Niri bost, baina itauntzearren, iruzkintzearren.