Fenomeno berri baten aurrean omen gaude: “Sarrerarik ez” kartela. Kontzertu handiak iragarri bezain laster (historikotzat jotzen direnak arrazoi ezberdinak medio), eta txartelak erosteko gunea ireki ez beste, ordu gutxi batzuetan sarrerarik gabe gelditu direla esatea da albistea.
Zer dakar gertakizun honek? Arrakasta kontzeptuarekin dauka zerikusia. Kontzertua eskainiko duen musikariaren edo musika taldearen erakartzeko gaitasuna dago batetik; baita kontzertua bakarra edo historikoa izango den iragarpena ere. Arrakasta handia izatearen seinale da sarrerak berehala saldu izana.
Bestetik, kontzertu horretara joan ahal izatea eta esperientzia bakar hori bizi ahal izatea pribilejio gisa ulertzen dugu. Hau da, sarrerarik lortu ez dutenen aurrean, guk sarrerak lortu izanak, gu ere arrakastatsu bilakatzen gaitu. Sarrera gabe geratu direnen frustrazio eta galtzaile sentsazioaren aurrean, gu, zoriontsuagoak gara.
Ez geunden gertaera hauetara ohituta. Baina heldu da Euskal Herrira ere. Eta formatu txikietan hasi ziren musikariei galdetu zaie, makro kontzertu hauek txikiak itotzera ez ote datozen. Publikoa bitan banatzen ez ote duten. Gurean ere marketinaren menpe bizi behar ote dugun. Erantzuna adeitsua izan da. Formatu txikietan ere jarraituko dutela kantatzen. Hausnartuko dutela gaiaren inguruan.
Nago, ordea, fenomenoa gelditzeko etorri dela. Ez dago arrakastari muzin egingo dionik. Ez saltzailearen aldetik, baina ezta eroslearengandik ere. Zorionak esperientziaren jabe izatean eta kontatzean datza. Kontzertuak ez baitira jarritako datan gertatzen. Sarrerak salgai jartzen direnetik aurrera irekitzen den prozesuan baizik.
Batek ez daki kontzertu egunean non izango den. Bitartean zer gertatuko zaion. Hilabete luzeetara begira iragartzen direnez, batek ez daki benetan joaterik izango duen ere. Baina horrek guztiak bost axola. Sarrerak eskuan izatearen plazerrarekin hasten gara zoriontsu sentitzen, kontzertuan parte hartzeak suposatzen duenaz amets egiten. Eta, hortik aurrera, dena da neurri gabe hazten dugun ameskeria.