Badirudi orain Israelek Irani eman behar dion erantzunaren zain gaudela, lehenago Iranek Israeli eman behar zion erantzunaren zain egon ginen bezala. Agian, hau irakurtzen duzuenerako, Israelek eman dio erantzuna Irani, eta Iranek Israeli eman beharreko erantzunaren zain zaudete; ez da erraza etorkizunarekin mintzatzea. Galdera-erantzunen segida hau Damaskon hasi zen, Israelek Irango kontsuletxea eraso zuenean. Ez, ez, esango du norbaitek, hau askoz lehenago hasi zen, Iranek bere lagun xiita libanoarrak lagundu zituenean Israelgo iparraldea eraso zezaten. Ez, ez, Israelek zientzialari irandarrak hil zituenean bonba atomikoa egin ez zezaten. Ez, ez, Libanoko gerra zibil hartan. Ez, ez, Bigarren, ez, Lehen Mundu Gerra eta gero. Ez, ez, lehenago. Historialariek hamaika liburu idatzi behar dituzte oraindik.
Kontua da Iranek lehendabiziko aldiz Israel eraso zuela zuzen-zuzenean airez drone eta jaurtigaien bidez, marra gorri bat, hortik irakurri dudanez. Ez dakit zenbat marra gorri egongo diren oraindik, zerrenda luzea komeni zaigu. Kontua da Iranek eraso zuela Israel, eraso arras iragarrita, gu larunbat gauean gure gauza hutsaletan entretenituta geunden bitartean: telesail bat ikusi, zerbait irakurri, hortik afaldu, lagunekin elkartu, ohean bakarrik edo lagunduta etzan. Nik igande goizera arte ez nuen gertatutakoaren berririk izan. Egunen batean Hirugarren Mundu Gerra hasiko da edozein ergelkeria egiten ari naizela. Edo agian hasi da dagoeneko, Hirugarren Mundu Gerra diot, eta ezjakinarena egiten ari gara. Zenbat eta beranduago jakin, hobe, ea Ekialde Hurbileko hauek ez dizkiguten astebururako planak zapuzten.
Badirudi Ormuzeko itsasartea ixtea dela Iranek duen marra gorri horietako bat, petrolio-merkataritzarako, hau da, guretzako, oso larria izan daitekeena. Ai, zelako aurpegia geratuko zaigun, errugabe aurpegi zibilizatua, jakina, guk ez dugu ezer egin, guk ez dugu inoiz ezer egiten. Erantzunak neurrizkoak eta proportzionatuak izan behar direla ez dugu askotan errepikatu?