Kanpainaren azken egunetan gaude, konfrontazioa areagotzeko eta azeleragailua gogor zapaltzeko ohitura dagoen azken aste horretan. Ba, ez dut gogoratzen holako azken txanpa batean, egun benetan erabakigarriak, hain sasoirik falta, zelako paradoxa... Bi hitzetan: ezpatak goialdean daude oraindik, jokoa ba dago. Hori guztiaz pentsatzen arituz, duela egun batzuk, Iñaki Gonzálezek sinatutako artikulu batean honako irudi adiezgarriarekin topo egin nuen: EAJren aurkako pentapartito bat. Klabau! Horra hor bost hauteskunde-orkestrako zuzendari, instrumentuak fintzen eta arkatzak zorrozten, lehendakari Urkullu, EAJ, buru izan duen azken hamarkadan Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa bermatzen duten egiak, zehaztasuna, gertaerak eta datu objektiboak pentagramatik ezabatzeko. Izan ere, azken hiru legegintzaldietan eurekin soinez soin gobernatu dutenek, orain kudeatzaile txarrak izatea leporatzen diete jeltzaleei. Hori, defendaezina izateaz gain, barregarria da. Are gehiago, haien Madrilgo buruek, egun batean bai eta hurrengoan ere bai, kontrakoa esaten dutenean. Tira, Sánchez presidentea bera Euskadin paseatzen ari da PSEren lehendakarigaia babesteko asmorekin eta Feijóori buruz besterik ez du mintzatzen, Espainia da benetan garrantzitsua dena, gainerako indar politikoentzat ere. Hau da, Euskadi versus Espainia eztabaida honetan, nahiz eta kanpainetako leloak ezberdinak izan, guzti-guztiak helburu bera partekatzen dute: hauteskundeak ez irabaztea baizik eta, eskuindarra, neoliberala, ustela, lapurra edo dena batera izateagatik, EAJ Eusko Jaularitzatik botatzea. Beno, denak ez, EH Bilduk ez du behar holako kanpaina egiterik, denen artean berea egiten ari zaizkiolako, neurrira irabazle-jantzi bat josiz. Eta horra hor bere lehendakarigaia, ixila, eta Otegi gertu irribarre batekin eskuadratik errematatuz. Benetan, ahalegin gutxiegi da pentapartito batentzat.
Imanol Pradales, kamiseta izerditan, aurreruntz etengabeko martxan darrai. Jokoa ba dago, zalantzarik ez. Eta irabazi egingo dugu.