Teknologia edo mundu digitaletik datozkigun albiste asko eta asko beldurgarriak dira, eta ez naiz adimen artifizialaren arriskuez edo trepeta teknologikoekiko dugun menpekotasunaz ari. Bide batez, afera horretaz oso elkarrizketa argigarria irakurri diot Iñigo Martinez Peña filosofoari euskaraz dugun egunkari bakarrean. Beste nonbait irakurri dudanez, adimen artifiziala, algoritmoak eta horrelakoak elikatzeko “datuen etiketatze” deitzen dena egitea beharrezkoa da, hau da, irakatsi behar zaie makinei, ez dira hain azkarrak, zer den zer gure mundu errealean, makinek ikasi egin behar baitute makulua daraman pertsona bat eta hiru hanka duen teodolito bat, adibidez, ez direla gauza bera, batez ere gidaririk gabeko autoan jarriko bada egunen batean software hori. Datuen etiketatze hori pertsonek bakarrik egin dezakegu: pantaila aurrean jarri eta gauzak, milaka, banan-banan identifikatu. Denbora-pasa izan daitekeela pentsa dezake baten batek, gurutzegramak edo sudokuak egitearen parekoa. Ez al gara gure ahotsak grabatzen ibili adimen artifizialari euskara irakasteko? Baina denbora-pasarekin ez da nahikoa, antza, eta batzuk lanean daude hori egiten. Herrialde pobreetako jende pobrea, baiki.
Badirudi datuen etiketatzeaz arduratzen diren enpresek ondo baino hobeto saltzen dakitela lan eskaintza, ezaguna da kontua: nahi duzun lekuan lan egin dezakezu, nahi duzun debora lanean eman, askatasuna, aizue. Ez dago lan eskubiderik, eskubide sozialik edo langabeziarik, jakina, eta soldataren batez bestekoa orduko bizpahiru dolarrekoa da. Enpresek hasieran lana diru-sarrerak biribiltzeko tresna bezala aurkeztu bazuten ere, jende askorentzat lan bakarra da orain Kenian edo Venezuelan. Gainera, enpresa ez badago pozik eginiko lanarekin, ez dago soldatarik, eta kito. Esklabo berri digitalak deitzen dizkiote pantaila aurrean ikusmena galtzen ari direnei, edo, postmodernoago dirudi, neoesklabo digitalak. Neo guztiekin ere, betiko esplotazioa.
Argi dago pantaila maiteak, uste baino zentzu gehiagotan, gure kate berriak direla.