Astelehenero lehendakarigai berri bat aurkezten digutenetik, ezin esan astelehenak aspergarriak direnik gurean. Oraingoan EH Bilduk proposatukoaren berri izan dugu: Pello Otxandiano. Ni harritu naiz, baina bada hortik porra bete-betean asmatu duenik; argi dago iragartze politikorako daukadan gaitasuna zerotik hurbil dagoela. Irakurri dudanez, Pello Otxandiano EH Bilduko ideologoa da aspaldidanik eta, orain arte irudi publiko txikia izan duen arren, koalizioak aurrera daraman estrategiaren lanketan ibilitakoa da. Halaber, irakurri dut Hezkuntza Itunaren aferan buru-belarri egon dela: adierazpen pare bat irakurri dizkiot eta, zer nahi duzue, ez zait batere gustatu pribatu-publiko kontzeptuez duen ideia. Otegi jaunak eginiko aurkezpenean solbentzia hitza erabili du, eta harritu naiz berriro ere, solbentzia (kaudimena) enpresen eta bankuen munduarekin lotu izan dudalako beti, baina agian fidagarritasuna edo sinesgarritasuna esan nahi zuen; garrantzizkoagoa iruditu zait “epe ertain eta luze” horrena. Agian EH Bilduk erabaki du hautagai gutxi gorabehera independenteen aroa bukatu dela, eta hautagai trinkoagoak edo politikoagoak beharrezkoak direla datozen legegintzaldietarako.

Nik ere, askok bezala, emakume bat espero nuen. Uste dut Elkarrekin Podemos eta Sumar Mugimendua edo dena delakoa, ados jartzen baldin badira, abaguneaz baliatuko direla.

Imanol Pradalesi bezala, baten batek Pedro Sánchezen antza ikusi dio Pello Otxandianori nire harridurarako (harridurak gazte mantentzen omen zaitu). Aztoragarria da kontua. Denbora berrien patua? Gure espainiartasuna uste baino sakonagoa da?

Javier de Andrés, Eneko Andueza, Imanol Pradales, Pello Otxandiano. Haien alderdikideak hautagaien defentsan aritzen dira, jakina, batzuetan modu arras beldurgarrian. Ohituko gara. Elkarrekin-eta-abar kenduta, ez zaigu hautagairik gelditzen. Eskuin muturrarena, bai, beste friki batzuena, eta orain badirudi, zurrumurru gaiztoek diotenez, Mugimendu Sozialistak ere mugimendu bat egingo duela. Nik apal-apal astelehenak aholkatuko nizkieke hautagaien iragarpenak egiteko. Alderdiek ere herria entretenitu behar dute.