Irakurri dudanez, notario talde batek ere amnistiaren kontrako paper bat atera du, sinadurekin atera ere. Txantxa egina dago berez, jakina, notarioek ez baitute ezer doanik sinatzeko ohiturarik; beharbada horixe izango da bizi garen une historiko honetan gertakari historikoena. Epaileak, fiskalak, poliziak (nola ez) amnistiaren aurkako agiriak sortzen ari dira etengabe, eta laster igeltseroenak eta proktologoenak ere ikusiko ditugu garaia historikoa bezain histerikoa eta frikia delako. Egia esan, eskuinak eta eskuin muturrak antolatu dituzten manifestazio horiek erakutsi digute gutxitan ikus daitekeen friki bilduma handiena: batek Captain America-k erabiltzen duen ezkutua zeraman; beste batek monarkia hispanikoaren tertzioetako soldaduen kaskoa; emakume batek garrasi ia-ia atabikoak (Juan Mari Lekuonak barka nazala) bota ditu plaza baten erdian; manifestari batzuen adierazpenek surrealismoa txiki uzten dute; Borgoinako gurutzedun bandera atera dute batzuek, ez dakit karlismoa edo inperio espainiarra biziberritzeko; beste batzuek zuloa egin diote Espainiako banderari armarria kentzeko (ez dira ausartzen armarri frankistarekin?). Zeren armarri frankistak (eta zezenak, eta Cid Campeador eta abar) daramatzaten banderak ugariak baitira.
Hedabide gehienetan bandera horiek “konstituzio-aurreko” banderak dira beti, inoiz ez bandera frankistak, laburrago eta zehatzago. Eta ez da hori erabiltzen den eufemismo bakarra: manifestazioetan agertzen diren batzuk beti dira “ultrak”, inoiz ez faxistak, frankistak, falangistak edo naziak (jarri neo- pare bat nahi baduzue), besoa altxatzen badute ere, Cara al sol kantatu edo vivafrancoka aritu. Badirudi Alemanian atxiloturik egongo liratekeenak Espainian oharkabe pasarazi nahi dituztela. Ez dakit PPk arrakasta handirik izango duen amnistiarena Europara eramateko duen asmoarekin.
Edo agian alderantziz da: egunero ateratzen dizkigute friki-fatxak eta cayetanoak, guk barre egiten dugun bitartean, benetako boterea dutenek egoera kontrolatzeko denbora izan dezaten. Barre egitea ondo dago, baina barreak ez luke arriskua estali behar, horiek guztiak arriskutsuak baitira, ez ahaztu.