Eder-ederra izan da gaur goizeko egunsentia: mendebaldeko zeru osoan arrosa kolorea zabaldu da liluragarri iparraldetik hegoaldera. Minutu asko iraun duenez, Homeroren Eos titan-jainkosaren hatz arrosakarez gogoratzeko beta izan dut; metafora batzuk ez dira inoiz ahitzen. Gauean zehar korapilatutako arrangurak eta minak erraz desegiten ditu egunsentiak, bere neba Heliosen, eguzkiaren jainkoaren etorrera iragartzen duenean.

Minutu asko iraun duenez, Gazan egunsentiak ez duela ezer alaituko gogoratzeko beta izan dut; izan ere, gerrak hilabetea egin du han eta hildako kopurua 10.000ra iritsi da. Zenbaki biribilak beldurgarriak dira, zenbaki biribil gehiago iragatzen dituztelako. 20.000 izango dira hildakoak hilabete barru? Eta bi hilabete barru? Ez dakit patuak gerra bakoitzerako hildako kopuru zehatza idatzita duen edo Israelek segituko duen harik eta madarikazio bibliko horietako batean ezarritako kopurura iritsi arte (hirurogeita hamar aldiz zazpi eta horrelakoak). Albisteak ez dira onak eta hedabideetan Ipar Gaza eta Hego Gaza hitzak agertzen hasi dira. Historiak erakutsi digu banaketa mota horiek betikotzeko ohitura dutela. Ipar Gaza zementuzko zabortegia izan daiteke laster eta Hego Gaza kanpadendaz eginiko ez-hiri bat. Nazio Batuek kanpadendak emango al dizkie behintzat gazatarrei? Uste dut Nazio Batuak edo nazioarteko komunitatea edo edozein modutan deitu nahi den hori hilzorian dagoela. Bidez batez, Kubari egiten zaion blokeoa amaitzeko hamaikagarren ebazpena atera dute Nazio Batuek: kontra, Estatu Batuak eta Israel; abstentzio bat, Ukrainakoa. Horra hor zer den nazioarteko komunitatea.

Izan gaitezen baikor: laster (esateko modua da) hogeita lau orduko, demagun, su-etena (geldialdia, barkatu) egongo da, laguntza humanitarioa sartuko da Gazan eta hori nazioarteko komunitatearen lorpen itzela izan dela esango digute guri lasaitzeko.

Egunsentia bukaturik zeruan gris kolorea nagusitu da orain. Dena sinbolikoegia, bai. Sinboloak gorrotagarriak izan daitezke, zinez.