Israelek Gazako hegoaldeari ur-hornidura leheneratuko ziola jakin bezain laster, pentsatu nuen (itxaropena da galtzen den azkena eta hori guztia) azkenean norbait zerbait egiten hasia zela nonbait bertako jendearen sufrimendua arintze aldera edo. Baina, aldi berean, pentsatu nuen agian ur-hornidurarena Israelen trikimailua baino ez zela Gazako jendea iparraldea utzi eta hegoaldera behartzeko. Gerra garaian ez dago asmo onik. Geroago ikusi dut Hamasek gezurtatu duela uraren zera guztia; hedabideetan bilatu arren, ez dakit zeinek duen arrazoia, telebistan jendea kamioi batetik ateratzen den ura plastikozko ontzietan biltzen ikusi dut. Ez da hori nik ur-hornidurari buruz dudan ideia. Lagun bati entzun nion behin bere ustez zibilizazioa zela, laburbilduz, neguan ur beroa edukitzea eta udan ur hotza. Atsegin nuen baieztapena. Luxuzkoa izango da hori Gazan, urik, hotzik zein berorik, ez dagoenean; badirudi Israelek Gaza zibilizazio aurreko denboretara bidali nahi duela. Izan ere, ezaguna da ura beste gatazka-eremua dela han, eta okupazioen helburu nagusietako bat, Golango gainak adibide ona dira. Israelgo armadak burutzen dituen mendekuetako bat da Zisjordaniako palestinar ustez gaiztoen putzuak zementuz ixtea.

Itxaropena tematia da: entzun nuen Rafahko mugako pasabidea bost orduz irekiko zutela laguntza “humanitarioa” Gazan sartu, eta atzerritarrak bakar-bakarrik Gazatik irten ahal izateko. Baina ez. Pasabide “humanitarioak” zabaltzeko aukeraz hitz egiten da. Baina ez.

Itxaropenak ez du etsia hartu nahi: irakurri diet kazetari eta analista batzuei Israelgo armadaren erasoa agian ez dela hain (ez dakit nola esan) orokorra, erabatekoa edo basatia izango baldintzak direla eta, balizko ondorioak direla eta, estatubatuarren presioak direla eta, egoera kontrolaezina izan daitekeela eta abar, erasoa “mugatua” izango dela. Mugatua. Ez dakit. Hitzak hain dira malguak eta esanekoak batzuetan. Martxa honetan hiztegietako hurrengo edizioetan mugatu hitzaren esanahiak mugagabetu beharko dituzte, eta itxaropenarenak murriztu, zerbait ulertuko badugu.