Aitor dut. Ospetsuen kultur gomendioak irakurtzea atsegin dut. Batez ere, erakartzen nauten ospetsuenak. Eta miretsiko ditudan edo ez, marra gaindituko duen edo ez erabakiko duen irakurketa egiten saiatzen naiz, nahi gabe ere. Nire crush berria izango dela jakinarazten didan bihozkadari men. Horretarako, ez du nire gustuekin bat egin behar, baina harritu egin behar nau. Bere gomendioak kontuan hartzera bideratu behar nau. Zergatik egin duen hautaketa bat jakin nahi dut, zerk eraman duen hautaketa hori egitera, zeren bila dabilen, zer aurkitu duen… Obsesio sano bat bilakatzen da nire baitan miresten dudan horren bilaketa. Nahiz eta badakidan arren, sarri askotan, gomendio horiek ondo gelditzeko eginak eta jarraitzaileei zer jana emateko bazka direla.

Zintzoki erantzunez gero, pertsona bat nahikotxo ezagutu daiteke bere abesti gogokoena zein den jakinda, bere musika talde maitatuena, berarentzako garrantzitsua izan den liburua, aulkian mugiarazi duen antzezlana, jarraitu duen telesaila edota dardara arazten dion aurkezle edo hizlaria. Bere sentimenduak, pentsamendua eta, batez ere, mugiarazten duen arrazoiak daude aukeratzen dituen kultur adierazpenen baitan.

Horietako galdera edo gomendio batean, zerbaiten bila ez dabilen pertsona bat aurkitzen dudanean, erori egiten zait. Eta berandu baino lehen, jarraitzeari uzten diot.

Barkatzen ez dudana, galderari errazkeriaz erantzutea da. Eta irakurle askoren kexua dela jakinda, ospetsu askok, egia gordina esateko joera hartu dute, disimulutan ibili gabe. Hau da, liburu gogokoenaz galdetzen zaienean, adibidez, momentu honetan ez daudela irakurtzen, edo besteren batek emandako gomendioari lotzen zaizkiola erantzuten dute. Cool omen da hori.

Aste honetako elkarrizketa batean, ostera, jarraitzen dudan tiktoker batek erantzun du, DBHtik ez duela libururik irakurri, “pentsatu kontua nola dagoen”.

Horixe bera pentsatu dut neuk ere: pentsatu kontua nola dagoen, ez irakurtzeaz harro agertzen den influencer bat jarraitzen dugunean. Erorikoa galanta izan da.