Ez ditut oso ondo ulertzen ikuspuntu pragmatikotik nazionalista espainiarrek, eskuineko zein ezkerrekoek, erreferendumarekin dituzten zailtasunak. Azken finean, uste dut Katalunian erreferenduma egingo balitz, Espainiako Erresuman jarraitzearen aldekoek irabaziko luketela. Estatuak ezin kontatuzko baliabideak ditu emaitza bere alde atera dadin: data aukeratu ahal du, bi urte barru, demagun, eta bitartean propagandari ekin buru-belarri, egia, egia-oste, gezur, erdi gezur eta datuen anabasa sortzen hedabide eta mota guztiko erakundeen laguntzarekin, Europakoak barne. Horixe bera gertatu zen Eskozian, ingelesak pragmatikoagoak izan dira beti. Erreferenduma egin, Espainiarekiko batasuna irabazi, eta bakea hogei eta hamar urtetarako.

Esan gabe doa berbera egin daitekeela Euskal Herri osoan edo Hego Euskal Herrian edo EAEn, non emaitza askoz ere garbiagoa izango bailitzateke: gehienek Errepublika Frantsesean edo Espainiako Erresuman segitzea hautatuko lukete. Polita izango litzateke, gainera, askoren egoneza ikustea independentziaren aurka daudela azaltzeko orduan, hemen tarteko aterabideek ospe hobea dute.

Ikuspuntu pragmatikoa aipatu dut hasieran, zeren denok baitakigu hemen eztabaidatzen ari dena goi-goiko bide sinbolikoetatik doala: erreferendumak lurralde jakin batean bizi den jendearen iritzia kontuan hartzea dakar, orain arte izan duten estatua utzi eta komunitate desberdin bat antolatzeko eskubidea, hori bada nahi dutena, hau da Espainia utzi eta bere kasa bizi, eta hor dago koska, nazionalista espainiarrek ezin baitute hori (autodeterminazio-eskubidea, alegia) inolaz ere onartu, ezta ulertu ere, zera horiek guztiak ameskeriak baino ez dira eta ez helburu arrazoizkoak, Eneko Andueza jaunak behin eta berriro errepikatzen digun bezala. Espainiaren batasuna gorenean dago, ororen gainetik, eta lurreko eztabaida pragmatikoek ez dute lekurik.

Beraz, goi arnaseko bide sinbolikoetatik jaisten ez bagara, arazoak ez du konponbiderik. Ikusteko dago Sánchez jaunak zerutik lurrerako lehen eskailera-mailan oina jartzeko ausardia duen.