Iruñean, auzokideek, Gurutzeko plazan zuhaitzek osatzen duten baso txikiari eutsi nahia agertu dute. Eta, badirudi, momentuz, parkingeko lanak gelditzea lortu dutela. Hala ere, alkatearen adierazpenek hautsak harrotu dituzte. Dirudienez, obrak afektatutakoek bakarrik bozkatu ahal izatea proposatu du eta galdera mahai gainean ireki da: erabakia nori dagokion, alegia. Edota galdera beste era batera eginda, afektatutakoak zeintzuk diren. Plaza horretan bizi direnak dira afektatuak? Auzia zein da, plaza hori bakarrik, ala hirian/hirietan zuhaitzak non eta nola kokatuta egon beharko luketen jakitea eta zehaztea? Zalantzarik gabe, galdera dezente zabalagoa da: herri/hiriguneetan zuhaitzek zer leku izan behar duten da galdera eta, horren harira, non kokatu behar diren eta zuhaitzen, pertsonen, etxebizitzen eta gainontzeko elementuen (plazak, parking-ak, etab.) arteko harremana zein nolakoa izan behar duen zehaztu beharra azaleratzen da. Zeren eta erraza da esatea hirian zuhaitzak nahi eta behar ditugula. Ni lehena. Zuhaitzik gabeko herriak/hiriak bisitatzen ditudanean, ito egiten naizen sentsazioa izaten baitut. Baina badira baita ere hiriak, zeinetan, zuhaitzak etxebizitzen fatxadei itsatsita bizi direnak, espaloiko zulo nimiño batean sartu zituztenak, adar guztiak etxeetako balkoi eta leihoetan harrapatuta gelditzen zaizkienak, etxebizitzako pisukide guztiei nahi gabeko gerizpea egiten dietenak, lurrik gabe gelditzen direnak, sustraiak asfaltoaren gainetik ateratzen zaizkienak, bidegorriak inbaditzen dituztenak… Kontua ez da, beraz, hirietan zenbat eta zuhaitz gehiago are eta hobe, baizik eta baita ere ze zuhaitz mota non eta nola jarri behar den jakitea, zuhaitza osasuntsu haz eta bizi dadin herritar eta hiritarrekin harmonian (edo eta alderantziz).
Afektatuak, bada, herritar/hiritar guztiok garela esanen nuke, zuhaitzak behar baititugu hiritarrok gure kale, plaza eta parkeetan. Eta/baina ez nolanahikoak eta ez nolanahi.