Madrileko gazte popularrek iragarri dute akordioak lortu dituztela zenbait diskotekarekin (onenak, diotenez) prezio merkeagoak lortzeko Nuevas Generaciones-ko txartelarekin. Beti gertatzen zaidan bezala, ez dakit zer egin sinbolismoz betetako kontu horiekin. Albistea arretaz irakurri dut, eta bat-batean dena ulertu dut hitz batzuei esker: lehentasuna, esklusiboa eta pribilegioa, goi-klaseak gehien maite dituen berba eta kontzeptuak. Argi dago kume popularrek azkar ikasten dutela non dauden eta zertarako: edozein tokitan lehentasuna izan, zerrenda esklusiboetan agertu eta pribilegioez edonon gozatzeko, eta, jakina, inoiz ez da goizegi kontaktuak egiten hasteko.

Ez dakit ekimenak arrakastarik izango duen, eta erakunde gazte popularrari afiliatu kopurua igoko zaion (batzuek trago bat doanik lor-tzeko edozer egin dezakete), baina talde esklusibo bateko partaide izatea askoren amets hezea da estatusa, estatus-itxura edo estatus-nahia erakusteko, itunpeko hezkuntzak aspaldian erakutsi digun bezala; badirudi besteen gainean edo, gutxienez, besteengandik ahalik eta urrunen egon nahi izatea dela gure garaiko ikur nagusietako bat askorentzat.

Baten batek pentsatuko du diskotekak baino bibliotekak edo kiroldegiak egokiagoak izango zirela, baina zerbitzu horiek badute aspaldidanik prezio merkeagoa gazteentzako (bibliotekak doanik dira guztiontzat). Bestaldetik, gazteei zinema, bidaia eta alokairuetan salneurri merkeagoak jartzen dizkieten bakoi-tzean, diskoteka debaldekoak nahi dituzten horiexek beraiek kontra agertzeko joera dute. Hori komunismoa da.

Ez dut antzekorik entzun Euskal Herrian. Ez dakit Juventudes Socialistas-ek, EGIk, Ernaik edo GKSk (UPNek badu gazte erakunderik?) horrelako ekimenak hartuko dituzten, zer dakit nik, modako diskoteketan, tabernetan edo txosnetan lehentasuna eta edari merkeak lortzeko, eta gazte popularrek Madrilekoaz bakarrik hitz egin dute. Agian gauza horiek Madrilen bakarrik gerta daitezke.

Txosnetan gelditu zait trabaturik pentsamendua. Zergatik ote?