Lagun baten etxean nago bazkaltzeko eta beste lagun gonbidatuak atzeratzen ari direnez, ETB-2 piztu dugu albistegi eguerdikoa (arratsaldeko hirurak eguerdia baldin badira) ikusteko. Jakin-mina dut azken aldian ez baitiet kasu gehiegirik egin ETB-2ko albistegiei. Gai nagusiak, turismoak, minutuak eta minutuak jaten ditu hutsalkeriatan: hainbat berriemaile ezin irribarretsuago agertzen dira hainbat lekutan mikrofonoa eskuetan, oso pozik, antza, turistak daudelako; turista horiei elkarrizketa ezin azalekoagoak egiten dizkiete: nongoak dira, non ibiliko dira eta abar absurdo bat. Une batez pentsatu dut, gaia agorturik, beste batera joango direla, baina ez, Loiuko aireportuan badago beste berriemaile alai bat (loteria jausi zaio?) elkarrizketa ergel gehiagorekin. Gehien erabili diren hitzak “deskonektatu” eta “pintxo” izan dira.

Hurrengoa barregarria izan da, gutxienez: udal hauteskundeak direla eta, alderdiek eginiko adierazpenak. Dibertigarriena, zalantzarik ez, EAJk eta PSEk elkarri bidaltzen dizkioten eztenkadatxoen zerrenda da. EAEko politika jarraitzen ez duen norbaitek pentsa lezake, adierazpenok entzun ondoren, bi alderdi horien etsaitasuna inoiz konponduko ez den unibertsoko ezinikusirik handiena dela.

Ukrainaz ezer ez. Sudanez ezer ez. Zerbait eguraldiaz, baina turismoarekin lotuta. Agian, asteburu luzea dugunez, ETB-2ko agintariek erabaki dute eguerdiko albistegia goizeko magazin inozo horietako bat bihurtzea “deskonektatze” lanetan laguntzeko. Ez al gara bizi jende guztiak bisitatu nahi duen munduko txokorik onenean? Azken albistea Bruce Springsteen-ek Bartzelonan eman duen kontzertua da, beste berriemaile batekin, elkarrizketak eta guzti. Springsteen? Bartzelonan? Bilbon izan balitz, tira, ulergarriagoa izango litzateke.

Kirolak iritsi direnean, pentsatu dut fundamentuzko albistegia hortxe hasten zela azkenik, baina beste gonbidatuak agertu dira etxean. Ailegatu berri batek, telebista seinalatuz, galdetu dit ea zerbait gertatu den. “EAJ eta PSE dibortziatuko direla, eta turistak daudela”, erantzun diot. Barrezka hasi dugu bazkaria.