Gaur, irakurle, zure baimenarekin, amari dedikatuko diot zutabe hau: Ane Miren Ibaibarriagari, gure etxeko eta Ondarroako etxe askotako jostunari.

Ama, betidanik, lanean ezagutu dut. Lehenbizi, etxean. Etxeko gela batean hasi zen josten. Ondoren, herriko alde zaharrean lokal eder baten jabe egin zen eta han sortu zuen bere josteko eskola (joste-geli deitzen zion berak). Egunero, hiru txandatan, 60 emakume arte pasatzen ziren bere eskuetatik, eta bakoitzak probalekuetara eramaten zituen beste hainbeste. Jostea bizitza zuzentzea zela esaten zekien. Oso ezberdina zela hilbanez edota hariz ematen diren puntadak.

Gorputzak, pertsona izateko erak bezala, ez direla perfektuak azpimarratzen zuen. Eta, joskintzaren artea, gorputzaren inperfekzioak disimulatzean zetzala, pertsonak, bizitzari aurre egiteko behar duen autoestimua eta duintasuna bere egin ditzan. Josteko eskola ez zen emakumeei josten erakusteko lekua bakarrik. Baizik eta emakumeak ahalduntzeko gela. Elkarren abaroan, jostun nagusiaren begiradapean, nor izaten ikasteko eta nork bere bizitzaren lema hartzen ikasteko espazio irekia.

Arropak, barrutik jantzi behar zaituela esaten zigun. Eta, jostunaren lana, barruko edertasun hori zuri nola sentiaraz diezazukeen asmatzean zetzala. Ezagutu genuenok, jantzi gintuenok, egun askotan sentiarazi gintuen barrutik eder. Gure egun handi guztietan izan genuen bera, lagun.

Nik, horietako hiru momentu erreskatatuko ditut: lehenbizikoa, pospolin jantzi nindueneko igandea, Aberri Egun bat. Bigarrena, aitaren ezkontzako trajearekin unibertsitaterako jantzi ninduenean, gauza berriak ikasteko, nondik gatozen jakin behar delako, esan zidan. Eta hirugarrena, nire ezkontza-soinekoaren lepoko 92 botoiak banan-banan lotu zizkidanekoa, bizitzan lotzea egokituko zitzaizkidan lokailuen seinale. Eskuz edo makinaz emandako hari puntada bakoitza, maitasun kolpe bat izan da berean. Neurtua eta norabidetua. Bizitzari neurria hartzen erakutsi zigun amak, berak lepotik zintzilik izaten zuen zentimetroarekin gure gorputzaren eta arimaren kartografiekin egin zuenentz.

Gaur ere, eta beti, barrutik dotore, Ama.