Ana Obregon betidanik izan da goiburu saltzaile ona, bai bere lanaren eta baita bere bizitza pertsonalaren inguruan. Oraingoan, hiru eztabaidagai ireki ditu: ama izateko duen adina, beste emakume baten sabela alokairuan erabili izana, eta alabari jarri dizkion izen-abizenak.

Gaiok airean dabiltzan bitartean, Onintza Enbeitari irakurri diot bere zutabean, badagoela jendea zoriontsua izan nahi ez duena. Beti aurkitzen duena zerbait, ondo ez egoteko. Eta hau irakurri ez beste, etorri zait burura, badagoela baita ere beste jende bat, beti zerbait gehiago behar duena zoriontsu izateko, eta ustezko behar hori asetzeko edozer gauza egiteko gai dena, edozein preziotan. Nago, zoriontsu izateari, halako behar batzuk egozten dizkiogula eta zerrenda osatzen duten beharrak asetzen ez ditugun bitartean, ez garela zoriontsu. Kontua edo galdera da, nola eta zeren arabera osatzen dugun zerrenda hori. Nola konbentzitzen dugun gure burua, zoriontsua izateko, “hau eta bestea” behar dugula sinestarazteko. Amaierarik ez daukaten beharrak sortzen ditugularik, eta behar horien menpeko bilakatzen.

Ene galdera da, zenbateraino garen guk geuk sortzen dugun zoriontasunaren irudiaren mirabe.

Zoriontsu izateko eskubideaz hitz egin dute batzuek, ama/aita izateko eskubideaz, besteek. Alabaren eskubideez ez dut inor entzun, ordea. Hamabi urte beteko dituenean 80 urteko ama izango baitu. Eta sabela alokairuan jarri duen emakumearen zoriontsu izateko eskubideaz ere ez dut inor entzun. Faktore ekonomikoak izan ditugu, batez ere, hizpide. Dirua duenak zoriontasuna erosteko aukera gehiago duela, alegia. Eta sabela jartzen duenak, dirua duenari zoriontsu izaten laguntzen diola. Benetan hori da sinetsi nahi duguna? Jakin baitakigu praktika horrek emakumearen gorputza merkantzia bilakatzen duela eta umeak, berriz, kontsumogai. Zoriontsu izateko eskubidea dugu, bai. Baita ama/aita izateko eskubidea ere. Bi “baina” jarriko nituzke, hala ere: bata, besteen eskubideekin talka egiten ez duen bitartean. Eta, bestea, menpekotasunik eta mirabetasunik sortzen ez duen heinean.