Berandutzen ari zen kontua, baina azkenean iritsi da: eskuin espainiarra konturatu da bozka-meategia duela ebanjeliko, karismatiko eta neomendekostisten artean, eta bozka horien bila abiatu da, aleluia, Trump, Bolsonaro eta beste agintari batez ere latinoamerikarren bidetik. Ez dakit nik nola hartuko duten alderdi barruan betiko katolikoek erlijio-irekitasun berri hau, baina jainkoaren erresuman, aleluia, guztientzako lekua omen dago. Agian PPko batzuk beldurtu dira predikari garrasizale hori entzun eta gero (ez dut inolako asmorik izena bilatzen hasteko), baina “komenturako ona da dena”, aleluia, eta badirudi Espainian egingo diren hurrengo hauteskunde orokorretan bozka gutxi batzuek erabaki ahal dutela gobernua. Predikari karismatikoak, gainera, gaixotasunak sendatzen dituenez, osasun sistema publikoa ez litzateke garrantzitsuegia izango. Abantailak baino ez ditut ikusten, aleluia. Laster, meza entzun eta gero, eta bermuta hartu baino lehenago, bozka ematera joaten direnei gaineratuko zaizkie predikaria entzun eta gero bozka ematera joango direnak, bermutik ez azken horientzat, jakina.

Euren burua ezkertiartzat duten batzuk hasi dira esanez ezkerrak ere aliatuak bilatu beharko lituzkeela neomendekostista moderatuen artean, oximoronen zerrendari beste bat gehituz. Ez dakit ezker “heidi” hori konturatzen den mugimendu horiek guztiak nondik datozen eta zertarako, baina jainkoaren bideak, aleluia, ezin asmatuzkoak dira.

Euskal Herrira ere iritsiko zaigu postmodernitate hau? Zaila da irudikatzea Urkullu lehendakaria, Loiolako santutegia bistatu eta gero, eliza karismatiko horietako batean aleluiaka besoak altxaturik, edo Iñaki Oyarzabal popularra burua makurtuta bedeinkapena jasotzen ea espiritu santuak, aleluia, barruan daraman deabrua ateratzen dion, baina dena ikusteko prest nago.

Primeran irudikatu ahal ditut, adibidez, ultrakatolikoak eta ultraebanjelikoak, elkarrekin (baina ez gehiegi, segurtasun-tarteari eutsiz), abortuak egiten dituzten kliniken aurrean oihuka edo otoitzean, aleluia.