Astelehenaren ondarretan jakin nuen eguna, martxoaren 20, Zoriontasunaren Eguna zela. Ez dakit, egia esan, horren berri aurretik nuen ala ez, horregatik, aldi berean, harritu nintzen eta ez nintzen harritu: ez, zeren gaur egun edozer gauzak bere eguna baitu (ez dakit urteak nahikoa egun izango dituen den-dena ospatzeko); eta bai, zeren zoriontasuna bezalako kontzeptu lauso eta labainkorra ospatzea ausarta iruditzen baitzait. Noski, martxoaren 20a zera gehiagoren eguna da: frankofoniaren eguna, besteak beste, frantsesarena Nazio Batuetan, urte berria Iranen eta Costa Rican Santa Rosako guduaren eguna.

Zoriontasunaren Egunarena apur bat ikertu eta gero, orain badakit Nazio Batuen Erakundeak ezarri zuela ospakizuna 2012an erresoluzio baten bitartez, eta 2013an izan genuela lehen Zoriontasunaren Eguna; arras berria, beraz. Badirudi Nazio Batuek gatazkak bide baketsuen bidez konpondu eta gerrak betiko albo batera uztea baino errazago jo zutela zoriontasunaren aldeko aldarrikapena, “gizakion oinarrizko helburua” haien hitzetan. Ez dakit hori baikortasunaren edo ezkortasunaren seinalea den, kontuan hartzen bada zoriontasuna pertzepzio subjektiboa dela batez ere. Egia da erresoluzioan garapen inklusibo eta orekatsuaz, pobreziaz eta ongizateaz mintzatzen dela, parametro objektiboagoekin neurtu daitekeena, gaitzerdi. Herrialde zoriontsuen sailkapenetan zoriontasun eskandinaviarra da garailea.

Nola ospatuko zuen Macron presidenteak Zoriontasunaren Eguna (“la Journée du Bonheur” hobe, ez ahaztu frantsesaren eta frankofoniaren eguna ere izan zela)? Zoriontsua izan al zen Macron martxoaren 20an? Bai eta ez, ziur aski (zoriontasuna horrelakoa da): zentsura mozioak ez dira atera, baina kaltea handia izango da. Erretreten erreforma haien gorputzetan ikusiko dituztenak ez dira oso zoriontsu egongo eta, hala ere, borrokarako prest daude, hau da, erabaki dute zoriontsu izan daitezkeela.

Astelehen gaua Aristotelesek eta Epikurok zoriontasunaz idatzi zutena irakurtzen pasa nuen. Ez zeuden oso ados.