Ramón Tamamesen liburu bat irakurri behar izan nuen unibertsitatean, derrigorrezkoa zen, orain dela urte mordo bat, pasa den mendean: La República. La era de Franco, 1977ko argitalpena. Liburuko azalak errepublikaren banderako koloreen artean erortzen ari den milizianoaren argazki ospetsua zekarren, Robert Caparena. Primeran gogoratzen dut azterketan, ahozkoa, gehienak bezala unibertsitate hartan, irakasleak, guztiok miresten genuen emakumeak, ekonomiari buruz galdetu zidala batez ere. Ez dut Ramón Tamamesen beste ezer irakurri, agian artikuluren bat, baina ez nago seguru; egia esan, garai hartan PCE, Espainiako Alderdi Komunista, ez zitzaidan gehiegi interesatzen (barreak egiten genituen manifestazioetan “policía-para-qué-si-tenemos-al-pecé” entzutean).

Tamamesen ibilbideaz, eskuin aldera beti, berri lausoak izan ditut azken urteotan, oraintxe arte, zabaldu denean Tamames jauna eskuin muturraren ordezkaria izango dela Espainiako parlamentuan hiztegi-izeneko alderdi horrek aurkeztuko duen zentsura-mozioan. Interneten aurkitu dut orain dela gutxi egin dioten elkarrizketa bat, zentsura-mozioarena onartzeko zalantzatan zegoenean. Meme-bazka iruditu zitzaidan dena.

Badirudi PPri ez zaiola asko gustatu Tamames plazara ekartzeko mugimendu hau eta hedabide eskuindarrak ere ez daude oso pozik, aurreikusten dutelako, ez da zaila, Espainiako Parlamentua zirku eta meme-fabrika bihurtuta, eskuina kaltetuta aterako dela. Ezkerreko alderdi batzuk mozioari erantzunik ez emateko aukera aztertzen ari dira; ulergarria guztiz, eskuin muturraren estrategietako bat parlamentuak barregarri uztea izan baita aspaldidanik. PSOEk iragarri du erantzuna emateko prest dagoela, jakina, Pedro Sánchezek ez du atzera egingo bere xarma erakusteko parada hain modu errazean eskaintzen badiote, azken finean bera zentsuratu nahi dute.

Uste dut telebista piztuko dudala Tamamesen mozioa ikusteko, albo-ondoriorik gabeko “esperientzia” haluzinogenoak dohainik edukitzea ez da egunero lortzen. Ea zenbat minutu jasan ahal dudan. l