Berandutzen ari zen albistea baina azkenean iritsi da: Txinak aditzera eman berri du haiek ere gainean izan dituztela globo estatubatuarrak. Taiwanek esan du denbora asko daramatela globo txinatarrak ikusten, baita Filipinek ere, eta ez nintzateke harrituko hurrengo egunetan globo saudiarabiarrak, indiarrak, errusiarrak edo britainiarrak agertuko balira hortik. Gaur egun nazioarteko aferetan ez zara ezer globo pare batek, gutxienez, ez badu zure zerua zeharkatzen. Globoez gain, beste tramankulu batzuk ere omen dabiltza gure buruen gainetik, hexagono hankatxodun formakoak, zilindro formakoak eta auskalo nolakoak. Garai txarra da Objektu Hegalari Ezezagunak (OHE) maite dituztenentzat, esan nahi dut OHEak estralurtarrenak direla pentsatzen dutenentzat. Badirudi lurtarrok nahiko estralurtar garela nahi dugunean, ez dugu martetarrik behar.

Orain arte niretzat globo handiak gauzaki xaloak baino ez ziren: Jules Verneren eleberrietan agertzen diren globo abenturazaleak, adibidez, edo noizbehinka ikusi ahal ditugun erakustaldi horietako globo koloretsuak, edo turistentzako “esperientziak” eskaintzen dituztenak. Badakit badirela globo serioagoak, meteorologia ikerketan erabiltzen direnak, baina globo espioien kontu horrek ezustean harrapatu nau. Irakurri dudanaren arabera, agertu diren globo horiek, bestelako datuak biltzeaz gainera, ezinbestekoak dira misil balistikoen ibilbideak zehazteko. Argi dago gizakiok prest gaudela edozer gauza arma bihurtzeko. Ikusiko al dugu zepelinen itzulera ere?

Zerua begiestea kontenplaziozko jarduera lasaia izateari utzi zion aspaldian, gaur egun zerua hegazkinek uzten dituzten lorratzez beterik dago, eta gauez ere sateliteak eta izarrak nahasten dira ortzi ilunean. Hemendik aurrera mehatxu gehiago sumatuko dugu gora begira jartzen garen bakoitzean. Edo, agian, estatu boteretsuen helburua horixe da: gora begira egon, ondokoa, gertukoa ez ikusteko.

Izango al dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak plan estrategikoren bat globoetarako? Bestela, atzean geldituko gara.