Badatoz ihauteriak eta, ia urteroko galdera. Amesten dugun edo morboa eragiten digun edo iseka egin nahi diogun pertsonaia horretaz mozorrotzen gara, benetan? Egun batez, bederen, “beste hori” izatea lortzen dugu? Salbuespenak salbuespen, jartzen diguten gai baten menpe ateratzen gara kalera. Eta taldeko guztiok berdin bagoaz, bada, hobeto. Ikastetxeetan, guztiak berdintzearen aldeko apustua egin ohi da. Familiei bidea errazteko, seme-alabak zertaz mozorrotu ahal dituzten pentsatzen aritzeko denbora faltan baitira; edota mozorroen artean ez dadin ezberdintasun nabaritu. Ezberdintasunak, ostera, gaindiezinak dira bizitzan. Eta pertsonok berdintzen ahalegintzea, askatasunari mugak jartzea da. Aniztasuna izkutatzen saiatzea. Ezberdinak direnei (guztiok, alegia), hegoak mozten aritzea. Eskubideetan behar dugu guztiok berdin. Hortik aurrera, nork bere izaera agertzeko bideak behar ditu eraiki.

Ama batek, TikTok bidez jakinarazi du, bere alabari arrantzale joatea eskatu diotela ikastetxean eta beganoa denez, bere moralaren aurka doala eta ez dela mozorro horrekin joango. Hautsak harrotu ditu bideoak, amaren adierazpenei gehiegizkoak irudituta. Alaba entzun nahiko nuke nik, ordea. Eta alabaren gelakideak. Beraien iruditerian seguruenik existitu ere egiten ez den pertsonaiaz jantzita joateari buruz zer pentsatzen duten jakin nahi nuke. Zeren eta gu ere jantzi gintuzten gure iruditerian ez zeuden pertsonaiez: ahaztu behar ez ziren lanbideez, gure arbasoen ohiturak gogorarazteko balio zutenez, eta esloganez josi gintuzten…. Gehiegizkoa litzateke esatea, erabiliak izan ginela, ez-dakit-zelako-mezu-bat gizarteratzeko?

Arrantzale jantzia, nik neuk, oso neurea dut.

Makina bat aldiz egin dut plazan sardina-saltzailearen dantza. Baina sekula ez zait toreatzaile janztea otu, adibidez. Batetik, zezenketaren mundua ez dagoelako nire iruditerian eta, bestetik, zezenak hiltzearen aurka nagoelako. Ihauteriak izan bitez, bada, norbanako bezala askeagoak izateko leiho. Eta ez gero eta gizarte uniforme eta gatz gabeagoa ereiteko.