Joerek mugitzen gaituzte, tendentziek, modek. Nortasunik handiena duenak ere nekez egingo die ihes; oharkabean eramaten gaituzte, ekin kontzientea eta jarraitua eskatzen du haietatik kanpo geratzeak. Tiktok sare soziala dago modan gazteen artean, eta han zenbait eratako bideoak. Esate baterako, kalean harrapatutako jendeari zuzenean galdetzea zenbat diru balio duten une horretan soinean daramatzan jantziek eta osagaiek. Asteon hiru gazte gasteiztar agertu dira, tiktoker ezagun batek harrapaturik. Batek 1029 euroko oinetakoak omen daramatza, bigarrenak 890eko soin-uhala. Hirugarrena merkexeago jantzita dabil, 130 euroko bandolerarekin kalera irtetera ausartu da. Hirurek jantzi edo osagai bakoitzaren marka aipatzen dute salneurriarekin batera. Elkarrizketaren amaieran neskatan arrakastarik handiena nork duen galdetu diete –elkarrizketatzaileari ez zaio burutik pasa ere egin agian mutilak gustatuko zaizkienik–, eta erdiko ilehoriak gandorra harrotu du berehala: “nik, zalantzarik gabe”. Beste biek berretsi dute haren baieztapena. Azken galdera ilehoriari berari egin dio zuzenean: “¿Cuántas mujeres te haces al día?” Erantzuna: “Las que quiera”.

Gainerako sareetan ere oihartzun handia izan du bideoak, zenbait hedabiderenetan ere bai. Horietako baten Facebookeko horman lerroburu honekin argitaratu dute: “El vídeo viral de tres jóvenes vascos y su carísima ropa.” Iruzkinetan jendeak hitz gogorrekin salatu du gazteen jarrera: harroak, klasistak, munstroak, ume-mokoak, gezurtiak, tontolapikoak, matxitoak, matxistak, gaizki heziak... Baina iruzkingile batzuei lerroburua bera iruditu zaie desegokia: “¿vascos?”; “de Gasteiz de toda la vida”; “¿tres vascos? dos de adopción”; “hombre, estos muy vascos no parecen”; “vascos del norte de Andalucía, no te jode”; “de mi pueblo no es ninguno”; “vascos de pura cepa no son”; “no conozco a ningún vasco con esa mierda de nivel, juraría que de caserío no son”...

Ez dakit zerk eragin didan goragale handiagoa, bideoak ala hemengoen karnetak –gaztelaniaz, jakina– banatu dituzten iruzkingileek. Hemengoak haiek ere; eskasenak ere hemengoa izateko eskubidea du.