Iragarkia ikusi-entzun nuen lehendabiziko aldian ez nuen oso ondo ulertu. Egia esan, ez nuen ikusi, entzun baizik, ez bainengoen telebistaren aurrean. Erretiroez ari zirela iruditu zitzaidan; bukaeran ahotsak esan zuen Espainiako gobernuko ministerio batek eginiko iragarkia zela. Harritu ninduen horrek, entzuten ari nintzen hizkuntza euskara zelako. Badirudi Estatuak gaztelania ez diren hizkuntzatxo horiek erabiltzen badakiela komeni zaionean. Gauza interesgarriagoetan nenbilenez, patatak zuritzen edo horrelako zerbait, entzun bezain pronto desagertu zitzaidan iragarkiarena neuronen arteko zirrikituren batean, baina erretiroaren kontua hor nonbait gelditu zen. Erretiroarekin lotutako edozer patatak zuritzea bezain interesgarria iruditzen zait orain.

Handik gutxira iragarki osoa ikusi eta entzun nuen; iragarkiak, hobe esan, bat baino gehiago atera dutelako: ahotsak azaltzen du, eraikuntza-joko horietan erabiltzen diren zurezko bloke txikiak (batzuek euroaren sinboloa dute, beste batzuek galdera ikurra edo zenbakia) dantzan dauden bitartean, erretiroa atzeratzen bada (urte bat, bi, bost), erretiro-saria handiagoa izango dela lege berriaren arabera, eta horretarako bi bide dagoela. Erretiroa ezarritako adin gutxienekoan hartzea zailtzen den bitartean, erretiroa atzeratzea bultzatzen da, beraz. Ez dakit arrakasta izango duten neurri berriek, dirua, asko izan ala ez, erakargarria da, eta, jakina, jende asko agertu da alde: lanbide guztiak ez direla berdinak, norberak jakingo duela zer egin eta gainerako argudio indibidualista horiek. Gainera, pentsiodunak etsai publikoaren kategoriara hurbiltzen (hurbilarazten) ari dira egunotan. Gazteek, bestalde, itxaron dezakete, edo master gehiago egin.

Lagun batek deitu dit: erretiroa hartu berri duela orain dela aste pare bat, ahal izan duen (adina, kotizazio urteak) lehen egunean, zerbait galdu arren, poz-pozik dagoela aspaldidanik bere buruari jarri zion heluburu nagusi bat betetzea lortu duelako. “Zein helburu?”, galdetu diot. “Erretiroa hartu baino lehenago ez hiltzea”.