Antzua zirudien eztabaidak. Baina ez ginen bertan behera uzteko gai izan. Isabel II.aren heriotza zen gaia. Edo, hobe esan, britainiarrek hari negar egiteko zuten arrazoia eta lekua.
Euskaldunok ba ote dugun maila bereko figurarik, eta dolua erakusteko erreferen-tziazko lekurik, egin zuen galde batek. Eta huraxe izan zen eztabaidaren hasiera. Hortik aurrera, itsasoa bezalaxe zabaldu eta zabartu zen gaia.
Gure negarra irabazi duten figura handien bila aritu ginen lehenbizi eta, ondoren, masiboki agurtu ditugun pertsonak zeintzuk izan ote diren. Esan gabe doa euskaldunok ez daukagula errege-erreginarik, euskaldun guztiok ordezkatzen gaituenik, ez eta bateratasuna agertu dezakegun lur eremu edo espaziorik ere. Urtean behin bisitatuko dugunik, kasu. Zurea (eta denona) dela sentiaraziko dizun hori… Negar egiteko baliatu dezakezunik… Gernika aipatu zuen norbaitek, Arantzazu besteren batek…
Kontua da, masiboak izan diren agur emateak aipatzen hasi ginenean, euskal historian gehiegi arakatu gabe, terrorismoak eragindakoak izan direla gogoratzen genituen handienak. Eta lekuak, bada, inprobisatuak. Hala hola, egoerari egokitutakoak.
Baina nork egiten dio negar gaur egun ezbaian dagoen instituzio politiko bat ordezkatzen duen pertsonari? Zer eman dio figura horrek, pertsona horrek herritarrari? Zer dela eta egin orduak eta orduak Buckingham jauregiaren aurrean? Zeren zain?
Konparazioak gorrotagarriak diren arren, euskaldunok ez dakigula negar egiten edo dolua agertzen esanez jarraitu genuen. Baina ez geunden ados azken ideia horrekin ere. Euskaldunok ez dugula zirkurik egiten esan zuen batek. Ez dugula idolorik, gure bizitzak eta ametsak ordezkatzen dituen irudirik, beste batek. Gure negarra ez dela merkea, medioek maneiatzen duten ikusgarritasunari lotua. Ez dugula erraz edozer erosten. Ezta amesten dugun ustezko batasuna ere.
Isilunea nagusitu zitzaigun. Eta, instant batez, gure buruen jabeago sentitu ginen.
Harrotasun arol horretan bat egin genuen.