“Zelako bero nazkagarria duguna! Eguraldiak dotoreziarik gabeko egoera etenbakoan nauka”. Horixe idatzi zuen Jane Austenek 1796ko irailaren 18ko gutun batean, industria iraultza hastapenetan zegoenean. Ez dakit zer idatziko lukeen aurten bere Ingalaterra berdea Ingalaterra gorri eta lehor bilakatu denean, ez dakit zenbatgarren industria iraultzatan gaudela.

Dotorezia ez da galdu dugun bakarra: sute itzelak eta ibai apalduak edonon ikusi ditugu, beroa dela-eta hil den jendearen kopurua handitu da, edateko ura itsasontziz eramango dute Bermeora (Urdaibain ez dute urik izango, baina beste Guggenheim bat bai, gaitz erdi) eta abar. Baina berdin zaigu. Mendizaleak kezkatuta daude mendi puntetara igotzea arriskutsua edo ezinezkoa delako izotza eta lurrak ezegonkorrak baitira (noizko moratoria bat mendiak bakean uzteko?), eta ostalaritzako enpresari sakratuentzat kezkagarriagoa da edarietarako izotz falta Ipar poloko izotz falta baino. Azken buruan, beroa ona da turismorako eta hemen turismorako gaude. Hau da fandango, biba Berango!

Bero olatuez gain, mundua, inolako begirunerik ez, betikoan dabil, gu oporretan gaudela kontuan hartu gabe. Afganistan izan dugu berriro ere hedabideetan (etxean izotza nola egin azaltzen duen orriaren beste aldean), orain dela urtebeko irudi lazgarri haiek, jendea hegazkinen gainean edonola jarrita, hegazkinetatik edonola erorita, berpiztuta, eta argi ikusi dugu nolakoa izan daitekeen emakume ikusezinen edo estalien herri bat, askoren ametsa.

Eta denetarik egon dadin, Salman Rushdieren kontrako erasoa, hamar labankada, izan dugu. Irango agintariek adierazi berri dute den-dena Rushdieren eta bere jarraitzaileen errua izan dela, biktima borrero bihurtuta, horrelakoetan ohikoa den bezala, “zerbait egingo zuen” aspaldiko hura gogora

ekarriz. Aiatola bizardunak eta abokatu kristauak mehatxuka ibili arren, erlijio horien aurkako birao egiteko gogoa piztu zait. Beharbada mundu berotu honetan dotorezia berreskuratzeko oraintxe bertan dagoen bide bakarra da. Ezin dugu gorrotoaren iraupenaren aurrean amore eman, gure inguruan badago bereziki, ezta pasibo mantentzea ere. Ez ikustea aukeratzeak intolerante bihurtzen gaitu, konplize. Aitzakirik ez.