Drama hitza egoera gatazka-tsuak edota zorigaiztokoak azaltzeko erabiltzen dugu. Guraso baten heriotza, senideen gaisotasun larria edo berebiziko erronken porrota, neurri desberdinetako gertakizunak izanda ere, drama gisa bizi izaten dira.

Aldiz, dramatizatzen ari dela esaten diogu neurriz kanpoko nahigabea agertzen duenari, umekeria susmoak jaurtiz “ez da horrenbesterako” bezalako espresioekin. Ez da erraza izaten inoren tokian norbere burua irudikatzea eta bai ostera neurgailu bigunagoak erabiltzea norbera denean min hartu duena.

Politikagintzagintzan ere gertatzen dira dramak eta dramatizazioak eta ez da harritzekoa, eremu hori baita gizarte-re ardatzetako bat. Esaterako, drama sakontzat ditugu Putin presidenteak Ukraina menpean hartzeko egiten ari den gerra odoltsuak eragindako milaka hildako eta exiliatu edo Afrikara ekarritako gosetea. Errukarri ditugu drama hori zuzenean sufritzen ari direnak.

Halere, ez dugu bat egiten egoerari aurre egiteko neurri eta erabakietan. Zenbat buru hainbat aburu. Covid-ak eragindako pandemia dramatikoaren barruan ere bakoitzak berea bizi izan du, ez baita berdina ondoezik etxean egotea edo bakardaden heriotz-ordua jasan behar izatea, ulertu ere egin barik zergatik.

Badaude bestelako drama batzuk ere. Justiziaren ebazpenen zain bizi diren herritar errugabe askorentzat dramatikoa da Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia ia lau urtez jokoz kanpo egoteak egiten dien kaltea. Halere, badaude garrantzia kendu eta dramatizatzen ari direla esango dutenak. Enpatia falta? Agian sakonagoa da, justiziaren sena da falta zaiena.

Aipatu erakunde hori lege organiko batez arautua da. Gernikako Estatuta ere bai. Eta 43 urtetan bete gabe eukitea ez al da, demokrazioaren eta justiziaren ikuspegitik, drama bat? Zein ari da neurriz kanpo dramatizatzen? Zein, legea betetzeri prezioa jartzen? Zergatik beste zerbaiten truke? Bertso zahar bat parafraseatuz “ sozialista euskalduna, ez al zera lotsatzen?