1976. urtean, kalea berea zela baieztatu zuen Espainiako presidenteordea eta Gobernazio ministroa zen Manuel Fragak. Izan ere, ordurako diktadorea hilda zegoen eta kalean geroz eta mugimendu zabalagoa zegoen demokrazia eta beste askatasun batzuk aldarrikatzen. Herritarren mobilizazioei aurre egiteko, gainbehera zetorren erregimenak poliziek kaleak eta plazak har zitzatela agindu eta errepresio bortitzez erantzun zuen... Aspaldikoak dira kontu horiek, baina, edonola ere, gure artean, etengabe suertatzen da espazio publikoa nahierara erabiltzeko eta pribatizatzeko ahalegina, jarrera baztertzaileak eta sektarioak dituztenen aldetik, besteak beste, jaiak haienak balira bezala jokatzen dutenen aldetik.

Herriko jaiak askotarikoen artean elkarlanean aritzeko, ados jartzeko eta auzolanean ibiltzeko baliatu beharko genituzke. Hala ere, hainbatetan, erosotasunagatik, utzikeriagatik edo arazoak ekiditeagatik, gure gizartea anitza ez ezik, askotarikoa dela onartzeko gauza ez diren kolektiboen eremu bilakatu dira festen antolaketa, herritar ugari eremu horretatik baztertuz eta festei jite eta ukitu jakin bat eman guran. Hainbatetan, gainera, ustezko bakearen izenean, herri-erakundeetatik bideratu dira baliabideak, bazterkeriazko joera horiek indartu eta iltzatu dituztenak.

Intolerantzia oinarritzat duten erabakiak, gaizki ulertutako demokraziaren pinturaz margotu ohi dira, gutxiren artean egindako bilkuretan, horietako hainbat erdi-klandestinoak, gehiengoak halako edo bestelako erabakia hartu duela azpimarratuz. Kolektibo horien logikaren arabera, guztiz bidezkoa eta demokratikoa da etxebizitza batean bizi diren hiru lagunetatik bik hirugarrenari ezartzea etxeko zeregin guztiak egin ditzan... Eta logika horri lotzen zaio, era berean, hamarkadetan pairatu dugun indarkeriazko giroa, non gutxiengo batek “demokratikoki” erabaki duen izua nonahi eta nolanahi zabaltzea eta haiekin bat ez datozenak akabatzea... Mutrikukoari hats hori dario, indarkeriaren eta horren inguruabarrean murgilduta bizi izan direnen zirimolan hezitakoen kiratsa dario, hamarkadetan arrazoitu, babestu, justifikatu eta zuritu den jokamoldearen habeak ezabatu ez ditugun adibiderik behinena bihurtuta.