Nahiago nuke mundua are hobea balitz, gerrarik egongo ez balitz, ez eta goserik edota bazterkeriarik ere... nahiago nuke jendeak duintasunez bizi ahal izateko beste izango balu, askotarikoen artean berdintasuna egiazkoa balitz. Gurago nuke gu biziko bagina eta gainerakoei bizitzen lagako bagenie, bakean eta inolako azalpenik, justifikaziorik eskatu gabe, eskatzeko eskubidea daukagula barruratu gabe... Baina mundua den modukoa da, guk geuk egiten dugulako den modukoa, gure handikeriazko menturekin, gure miseriekin eta ontasunekin. Horiek horrela, gauzak berez bideratu edo konponduko direla pentsatzea inozokeria galanta da. Ukrainako gerraren hasieran, baziren gatazka diplomazia tarteko onbideratu behar zela ziotenak. Kontua da, ordea, mahaiaren bueltan daudenak ez daudela egoera berdinean. Izan ere, erasotzaileak urteak eman ditu erasoa prestatzeko behar dituen baliabide ekonomikoak eta militarrak pilatzen. Ukrainarrak pairatzen ari diren ankerkeriaren atzealdean dagoen arrazoia esplizitatu dute Putinek eta enparauek: sasoi batean ustez eurenak ziren lurrak berreskuratzen saiatzea! Antzeko arrazoiak aldarrikatu zituen Hitlerrek II. Mundu Gerraren atarian. Orduan ere, alferrekoak suertatu ziren bake-deiak eta ildo horretan eginiko ahaleginak, bakearen truke onetsitako lurraldeen okupazioak... Horrek guztiak ahuldadea azaltzeaz gain, Alemaniako diktadorea asebete baino indartu zuelako, ostean, munduan izan den gerrarik latzenari ateak zabal-zabalik lagaz. Orain ere onkeria eta demagogia dira gastu militarra areagotzearen auzian azaleratzen ari direnak. Ni neuk ere nahiago nuke gastu militarra beste norabait bideratuko balitz, inork halakoetan gasturik egingo ez balu, beharrak handiak direlako nonahi... Baina beste norbaitek defendatuko gaituela itxaroten badugu, beste norbaitek esfortzu hori bere gain hartuko duela uste badugu... jai! Inork ez du erasorik antolatzen borroka berdinen artekoa izan daitekeenean, hortik irabazlerik ez dagoelako. Hortaz, tamalez, gerrak ekiditeko ezinbesteko habeak dira gerra egiteko asmoa ken-tzea eta, gastu militarraren auziari dagokionez, erasoaren ikusmoldetik baino defentsaren ikusmiratik jorratzea.