Gorputz estaliak eta ideia biluziak
Marokoren okupazioaren aurrean, melfa janzteak “saharar izatearen harrotasuna” aldarrikatzen du
Bost uda igaro zituen gurean Hadiyak. Kultura, hizkuntza, janaria, portaera-kodeak, janzkera... dena berria zen mundu batera etorri zen. Mundu bat ireki zitzaion. Haren izaera xalo eta irekiak, jakin-min mugagabeak, asko lagundu zuen mundu berriarekiko konexio indartsuan. Guretzat dilema zaila zen. Batetik, Hadiyak askotan aipatzen zuen etorkizuna Euskal Herrian irudikatzen zuela; bestetik, ezin genuen sustatu haren jatorrizko herrialdearekiko deserrotzea. Ametsei eta helburu zilegiei ezin zaie, ordea, hegorik ebaki. Askotan aipatzen zuen neska handi egindakoan egunero joango zela hondartzara, “limoiak bistan”. Bestetik, maiz azpimarratzen zuen ez zela inoiz ezkonduko: “ni Sabel bezala” esaten zuen, gure izeba Isabel ezkongabeari erreferentzia eginez. 12 urterekin igaro zuen hemen azken uda Hadiyak. Pare bat urte baino lehen hasi zen gorputza melfaz estaltzen, eta oso gazte zelarik izan zuen lehen haurra.
Erabilera praktikoari dagokionez, melfa –hijab zurruna baino askoz kororetsuagoa– basamortuko baldintzetara egokitutako jantzia da, mendeetako tradizio nomadatik datorrena. Hortik haragoko irakurketan, sahararrentzat ez da erlijio-jantzi soila, kultur erresistentziarako tresna baizik. Ekintza politikoa da. Marokoren okupazioaren aurrean, melfa janzteak “saharar izatearen harrotasuna” aldarrikatzen du.
Balirudike melfaren erabilera sustatzen ari naizela. Zalantzak ditut, egiari zor. Melfa janztea ederra da nortasun-ikur gisa, baina ez dakit hautu indibidual hori zenbateraino den komunitatearen onespenaren eta errespetuaren jabe. Mundu musulmanean nekez aurki daiteke emakumeek antolaketa sozialean halako aitortzarik eta indarrik duten gizarterik. Alabaina...
Burkaren eta niqabaren debeku-eskaera batek hautsak harrotu dituen honetan, iruditu zait auziari itzuri egitea litzatekeela askoz hurbilagotik bizi dudan herri baten errealitateari aipurik ez egitea. Afera honek humanismoaren baitako dilema garaikide nagusienetako bat ukitzen du: norbanakoen askatasunaren eta kultur identitate kolektiboaren arteko oreka. Ezin dira gai hauek jorratu bizikidetza xehatu nahi duten alderdi ultraeskuindar, arrazista eta islamofoboen ekinbideetatik abiatuta, baina ez dakit sanoa den beste parametro batzuetan eztabaidari uko egitea.
