Síguenos en redes sociales:

Ziritik

Aurrera goaz

Hau ez baita gure gurarien gailurra. Bai, ordea, arnasa hartzeko balio izan digun gain zoragarri bat. Gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak

Aurrera goaz

1983ko udaberrian hasi nintzen pilota partidak ematen, Euskadi Irratian lehenbizi. Aitak eraman behar izaten ninduen, artean ez bainuen gidabaimena izateko adinik ere. Ez dut konturik atera, baina milaka partida eman ditut geroztik. Eta geratzen zaizkidanak! 42 urteotan, zalantza izpirik gabe, zirrara-zurrunbilorik handiena eragin didatenak asteon Gernikako Jai Alai pilotalekuan emanikoak izan dira: euskal ordezkaritza bat, lehen aldiz historian, pilotan nazioarteko lehiaketa batean ofizialtasunez lehiatzen. Inaurgurazio-ekitaldia hunkigarria izan zen, asteleheneko lehen partida ofizialek oilo-larrua jarri zidaten, atzoko finalek tentsio betean eduki ninduten...

Egoera surrealista samarrak ere bizi izan ditugu, egiari zor. Kamiseta gorridunek tantoa egiten zutenean (futboleko la roja) Espainiaren tantoak aipatu ditut, ez espainiarrenak. Baliteke berek hala sentitzea, sentipenak eta hautuak libre dira, baina ez ateratzen neuri, ezin barneratu hala direnik, eta ez iruditzen gustatu behar zaienik ere. Denak euskara garbian gainera.

Joxe Mari Mitxelena eta Xavier Cazaubon lehendakarien mezu egoki eta bateratzaileen abaroan, zaleen heldutasuna aipagarria izan da. Filipinarrei eta mexikarrei bezala, Amerikako Estatu Batuen, Fran-tziaren eta Espainiaren izenean jokatu duten pilotariei ere txalo. Tanto onei txalo. Zaleentzat da nire aitortza nagusia. Biba zuek.

Mihiari hozkaka aritu behar izan dut gure selekzioa aipatzen nuen bakoitzean. Euskal Herriko eta euskal esateko irrikaz, baina, nafarrek eta ipartarrek parte har-tzerik izan ez dutela jakinki, egun handiagoetarako gorde behar berba horiek. Hau ez baita gure gurarien gailurra. Bai, ordea, arnasa hartzeko balio izan digun gain zoragarri bat. Gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak. Eta aurrera goaz...