Etengabe entzuten ditugu memoriari eta erreparazioari buruzko solasak. Etorkizunari begietara begiratzeko, ezinbestekoa izaki iraganarekiko zorrak kitatzea, eragindako minaren bizkarzorroa hustea. Atzo, lehen aldiz, EAEko erakundeek aitortza bateratua egin zieten nazien kontzentrazio-esparruetara deportatutako pertsonei. Haiei ere memoria eta justizia zor zaie.
Memoriak eta justiziak estatuen hormatzarrerekin talka egiten dute maiz. Eskubide-estatuaren, demokraziaren, askatasunaren eta gizalegearen aurkako ekintza basa asko egin izan dituzte estatuek oro. Beren lohiak eta basatzak ezkutuan atxikitzea beste xederik ez dute izaten estatu-sekretuek, eta Espainiak ez du urrats bakarra egin nahi horien legea alda dadin. PPk ez du inolako beharrik ikusten, eta PSOEk ere albait gehien luzatu nahi ditu denborak eta epeak. PP eta VOX izan ezik, gainerako alderdiak ados daudeke oinarri batean: lege berriak ez luke babestu behar giza-eskubideen aurkako jardunbiderik. Hala nola, frankismoaren krimenak, estatuaren gerra zikina eta terrorismoa edo espioitza politikoa. Alabaina, hainbat sekreturi giltzarrapoa kentzeak estatuaren segurtasuna arriskuan jarriko luke zenbaiten aburuz. Estatuarena ez ezik, baita hainbat alderdiren eta gizabanakoren ustezko prestigioa eta sinesgarritasuna ere.
1968ko Sekretu Ofizialen Legea zaharkitua dago eta ez da ezkontzen demokraziaren gardentasun-printzipioekin. Dokumentuen desklasifikaziorako epe mugagabeak ezartzen ditu, historiaren ikerketa oztopatzen, herritarren informazio-eskubidea murrizten. Demokraziak ezinbestekoak ditu gardentasuna eta giza-eskubideen bermea, eta Sekretu Ofizialen Legeak nazioarteko estandarrak bete behar ditu nahitaez. Memoriaz eta erreparazioaz esaniko zernahi hutsala eta ezdeusa da norberaren erantzukizunei uko egiten bazaie. Lekutan gaude.