Ez pazkoz eta ez igandez. Iragan ostiralean izan zen aurtengo Aberri Egunaren ospakizun nagusia. Ez jendetsuena, hain segur, bai garrantzitsuena, herri honek gehien behar duena. Kursaalen askotariko jende ugari bildu zen. Askotarikoak abiapuntuz, sentiberatasunez, ideologiaz. Baita mintzairaz ere, baina euskararen ardatzean izan zen ekitaldia. Autoritateen soka-dantza, EH Batera ekimenaren bozeramaileen agurra eta, muinean, Triku herria izeneko ikuskari zirraragarria.
Musikariek, kantariak, dantzariek, argiztatzaileek eta soinu-teknikariek gaitzeko lana egin zuten. Txalo denoi! Manex Fuchs eta Martxel Rodriguez izan ziren taula-zuzendariak. Manexek berak eta Lorea Agirrek ondu zuten testua. Ongi garatua eta josia, erreferentzia eta ñabardura aberatsez zipriztindua.
“Aberriak, herriak, lurralde honetan bizi diren, gurutzatzen diren, ukitzen edo errefusatzen diren gorputz sare batean hartzen du arnas. Bizi nahi duen jende bat. Bizi nahi duen jende asko: prekarizatuak, langileak, etorriak eta joanak, Bidasoan itoak... bizi nahi duen herri bat.” [...] “Ez dugu euskara salbatzeko borroka egiten, baizik eta euskarak salba gaitzan.” [...] “Bandera trapu bat da haizerik ez badabil.”
Gutariko bakoitzak behar du bandera horren haize, hizkuntzaren mihi, herriaren hats, eraldaketaren eragile. Baina herenegungoak ezer erakutsi badigu, batera lan egitearen garrantzia da. Denon ufadekin baizik ez dugu sortuko gure herriak etorkizunerako behar duen energia berriztagarri eta berriztatzailea. Emaiogun hats!