Ukraina inbasio baten biktima izan zen. Europako Batasunak erabateko elkartasuna erakutsi zion, eta defentsarako dirutza itzelak bidali. Berdintsu erantzun zuten Amerikako Estatu Batuek Bidenen agintaldian. Trump aspalditik ari zen esaten agintera hel zedinean berehala konponduko zituela mundu zabaleko gatazkak oro. Bere burua bakearen mandatari izendatu zuen, mesias salbatzaile. Bigarren agintaldi honen hasieran ez du surik itzali, zeudenak suspertu eta berriak piztu baino.
James Hoban izeneko irlandar jatorriko arkitekto batek diseinatu zuen Etxe Zuria, George Washington presidentearen aginduz. Hobanek ez zuen inoiz pentsatuko bulegoetako bat, hasieratik bulego obala deitu izan zaiona, AEBetako 47. presidentearen arrautzentzat hain aproposa izango zenik. Guk dakigun beste jakin izan balu, forma eta neurri beretsuko beste bat diseinatuko zukeen, eta kupula handixeagoa, Trumpen egoa sartzeko modukoa.
Bulego arraunzkara hartantxe umiliatu du Trumpek Ukrainako presidentea. Hitzarmen bat sinatzera joana zen Zelenski, inon idatzi gabeko ordain bat –guk eman genizuen dirutzaren truke, zuen lur arraroen ustiapenaren erdia eman behar diguzue–, baina ezer sinatu gabe alde egin zuen, eta astakeria itzelak entzunda: “Hirugarren Mundu Gerrarekin ari zara jolasean” leporatu zion Trumpek Zelenskiri. Baita errespetu falta ere. Trump begiruneaz eta gizalegeaz hizketan, Netanyahu bakea bilatu beharraz... Mundu xelebrea geratzen ari zaigu.
Bien bitartean, mesias berriak inola huts egin ez dezaketen bake-planak garatzen segitzen du: Ukrainako gatazka Kievi bizkar eman eta Errusiarekin negoziatuz; Ekialde Hurbilaren berreraikitzea Gazako herritarrak deportatuz... Nork kendu behar dio botila eskutik gidoilariari?