Nire sindromea
Zaharrak buruz arintzen hasten zirenean, gauzak eta izenak ahanzten hasten zitzaizkienean, “odol-fluxu gabezia” deitzen zitzaion duela hiruzpalau hamarkada. Orain beste ezagutza bat dago etaeritasun bakoitzari dagokion deitura jartzen zaio: Alzheimerra, dementziak…
Gure Loiolako Ikastola hartara psikologo bat eraman zuten halako batean. Vicky zuen izena, euskaraz hitzik ez zekien. Nire balorazioan hau jarri zuen, besteak beste: “hitz-jario eskasa du.” Ez dakit Vicky bizi ote den. Aurkituko banu, gustura esango nioke guk gaztelaniaz genuena baino askoz murritzagoa zela hark euskaraz zuen jarioa. Gurea kaxkarra, harena zero. Nola izango genuen, bada, jario ona, gaztelaniaz ia batere ez genekien eta! Geroztik ikasia dut badela Arreta-Gabeziaren Sindromea deitzen zaion bat (TDH), eta haur, gaztetxo eta gazte askori egiten zaiola diagnosi hori. Lepoa jokatuko nuke ni ere sail horretan sartzekoa izan baietz. Hitzaldi batera joaten banaiz, esate baterako, eta hizlariak lehen minutuetan ideia polit bat bota badu, hari bueltaka hasi eta neure baitako pentsamenduetan murgiltzen naiz, ohartu ere egin gabe. Halako batean, txaloek esnatuko naute: “eskerrik asko hitzaldi honetara etortzeagatik!” Eta ni ohartzerako bukatu da.
Larunbat goizetan idazten dut iganderoko zutabea. Inprobisatzaile-senak edo auskalo zer galarazten didan lanak aurreikuspen handiagoz egitea. Egunotako eromenean, konturatu ere ez naiz egin zer egunetan bizi garen. Emazteari esan diot: “bihar larunbata, zutabea idatzi behar”. Eta hark erantzun: “gaur da larunbata!” Eta hemen ari naiz, neure sindrome guztiekin, larunbat gauerdirako minutu gutxiren faltan, zutabea bukatu ezinik. Ezagutzen duzuenok badakizue benetan ari naizela. Hau bada gizonaren atarramentua...