Edozein herrialderentzat da kezkagarri immigrazio masiboa, baita handi eta boteretsuenentzat ere. Muga denak denentzat eta inongo baldintzarik gabe irekitzeak nonahiko oreka demografikoa alda eta uzkail dezake, are nabariago gurearen gisako herri txikietakoa. Frantziak aspaldi handian mehatxu gisa ikusten ditu gainerako hizkuntzak. Pentsa haiena beren hedadura osoan mehatxa lezakeen pot-pourriak zer inarrosaldi eman liezaiokeen milioi bat hiztunera heltzen ez den hizkuntza-komunitate bati. Gure kultura aspalditik ari da urardotzen, uhertzen, koloregabetzen. Ez atzerritarren oldeagatik, geure herri-nortasunaren erkintze-prozesu luzearen ondorioz baizik. Immigrazio masiboak, baina, dena areagotu dezake.

Bitxi dateke hauek guztiak askoren begietan woke hutsa naizen honek idaztea. Harrotasunez izan ere, hitzaren eta adiera jatorrizkoaren arabera. Itsua ez naiz, ordea, ezta gorra ere, are gutxiago mutua. Iragan igandeko zutabean Zabiullah mediku afganiarraz mintzatu nintzen, duela bi urte talibanei iheska Zarautza etorri eta euskara ikasten ari den medikuaz. Alemanian urteak zerama-tzan mediku musulman batek herenegun egindako sarraskiak bide eman dio norbaiti –beste anonimo ausart bat– zarauztar berria susmopean jarri eta niri harekiko erakutsitako atxikimenduaz kargu hartzeko. Nire pentsakeren antipodetan dakusadan zenbait jendek ez du erreparorik etorkinak oro kriminalizatzeko. “Altxa zaitez Euskal Herri anitzaren aurka! Europa europarrontzat! Gizarte zuria babestu! Arrotzak Euskal Herritik kaleratu! Komunitate natiboa babestu!”. Horrela-tsuko mezuak hedatzen ditu Telegram sarean Arbasoen mendekua izenez diharduen auskalo zein norbanakok edo taldek. Eztabaidara bilduko balira, luzaro jardun ahal izango genuke kezkatzen gaituenaz, berdintsu dakuskigun aferez, irtenbideez. Alta, mezu horien atzean maskarak eta izenordeak baizik ez daude. Aurpegirik ematen ez duenarengandik ez bostekorik espero.