Denek ez dute erraztasun bera izaten hizkuntzak ikasteko. Zein mintzairatatik abiatuta eta zein ikasi nahi den ere kontuan hartu behar da zailtasuna neurtzeko. Agerikoa da wolof-hiztunek txinatarrek baino aisago barneratzen dutela euskara. Pentsatzen dut euskaldunontzat ere bide erosoagoa litzatekeela woloferaranzkoa txineranzkoa baino. Gaztelania eta katalana enbor bereko hizkuntzak dira. Antzekotasun handiak dituzte hiztegian, gramatikan, fonologian... Halere, gainditu ezinezko hormatzarra dirudi zenbaitentzat.
Javier Gutierrez 34 urteko sevillarra da, pediatria saileko erizaina. Hamar urtez aritu da lanean Bartzelonako Vall d’Hebroneko ospitalean. Epe luze horretan ez bide ditu gainditu ezarri zaizkion hizkuntza-eskakizunak. Pediatria sailean beste edozeinetan baino zorrotzagoak behar lukete, haur elebakar asko artatu behar izanik. Ez zait iruditzen, egiari zor, katalanez besterik ez dakiten umeek eragozpen handi-handirik izango dutenik espainieradun erizainekin elkar ulertzeko. Erizainak hamar urte aski ez, ordea. Javier bezala, beste 212 osasun-langile ere geratu dira lanik gabe Katalunian zio berberagatik. Alemanian edo Frantzian hamar urtez lan egiteko aukera eman izan baliete, katalanez bezain motz ote leudeke? Nik dakita!
Giza Eskubideen Egunaren karietara, ekitaldi bat izan genuen ostegunean Zarautzen. Zabiullah Haidary mediku afganiarrak, zeinak 2021eko talibanen oldarraren ondorioz ihes egin behar izan baitzuen, bizi izandako sufrikarioen berri eman zigun. Duela hiru urte iritsi ziren Madrilera, eta handik Zarautza bideratu zituzten 2022ko otsailean. Medikua da. Homologazioa lortzeko ahaleginetan dihardu. Hitzik ez zekien gaztelaniaz, baina jada B2 maila egiaztatu du. Hitzik ez zekien euskaraz, baina horrela aurkeztu zuen bere burua: “Zabiullah naiz. Afganistanen jaio nintzen, orain Zarautzen bizi naiz. Euskara ikasten ari naiz”. Eta, bat-batean, Kabul Sevilla baino hurbilago sentitu nuen.