Euskal arraunean historiarik loriatsuena duen taldeak, Oriok, ez du azken urteetan ohiko emaitzarik eta distirarik izan, baina kirol eder horrek beste inon baino errotuago jarraitzen du han. Luzaz agian! Emakumeen taldeetan erdiak baino gehiago dira oriotarrak. Ikastolan edota Eskola Publikoan ikasiak izango dira denak. Badira inguru arras euskaldunetako beste zenbait kide ere –Ondarroa, Aizarnazabal, Tolosa, Bidania, Anoeta, Hernani, Oiartzun…–, haiek ere euskal ereduetan ikasiak, noski. Lapurdiko arraunlari bat dute taldean. Ez da kilometro sail handirik Oriotik Azkainera, baina tartean muga suntsitzaile bat daukagu, euskal ereduetan ikasten dutenentzat ere kultur eta hizkuntz loturen ezabatzaile bortitza.
Ainhoa Etxenike azkaindar arraunlaria elkarrizketatu zuten ostiralean Euskadi Irratian: “Egia da pisua dela. Beti, sartu naizenetik eta orain ere beti, borrokatu behar naiz, erakutsi nire nortasuna eta esplikatu ez naizela frantsesa, euskalduna naizela, nire lurraldea ez dela Frantzia, nire lurraldea Lapurdi dela, Ipar Euskal Herria dela. Badakit, nahiz eta esplikatu, taldearen %80k uste duela frantsesa naizela eta Frantzian bizi naizela (.) Orion eta beste ekipoetan ere egia da Ipar Euskal Herria ez dela ezagutzen, ez gaituzte ezagutzen, eta ba-tzuetan jendeak ez du ulertzen eta erraten dit a!, euskara badakizu? Familiarekin ze hizkuntzatan hitz egiten duzu? Jendeak ez du ezagutzen. Ez du gaiztoki egiten, e!, bainan ez du ezagutzen. Gure entrenatzaileak ez daki euskaraz eta nik dut egokitu behar izan. Ez dut gaztelera ongi menperatzen, baina ulertzen dut orain orokorrean erraten duena. Hitz egiteko zailagoa da”.
Taldean badira katalan bat eta bi galiziar ere. Apustu egingo nuke ez dutela komunikazio-arazorik izan, ezta zein lurraldetakoak diren ulertarazteko zailtasunik ere. Ez da Orioko kontua, ez hango ikastetxeena edo arraunlari jakin horien gurasoena ere. Orokorra da, alor eta geruza guztioi dagokiguna. Herri-izaeraren auzian, kultur transmisioarenean, inguratzen gaituen errealitate gordinaren ahal asimilatzailea askoz handiagoa da gure egitura ofizial eta intimoen saretxoarena baino. Azkenean gezurra izango da doktrinamenduaren mantra.