Azken boladako zenbait solasaldik iraganeko trumoiak iratzarririk, psikologoarengana jotzea erabaki dut. Bahuen garaia, Xabier! Ez gara, ez garenez, horrelako aitorpenak edozein moduz egin zale. “Psikologoarengana joan eta Gipuzkoa osoari aitortu? Egia izango duk psikologoa behar duala...” Hasi naiz, bada, hasi banaiz, barrua lasai husteko moduko norbaiten bila. Non? Googlen, jakina. Ez dakit zenbat erozain egongo diren gure herrian, saldo batek beren burua eta zerbitzuak saltzeko webguneak badituzte behintzat. Oso arrasto jakingarriak ematen dituzte, gainera. Bat baino gehiago dira euskararen presentziarik batere gabeak. Non eta Zarautzen!, 20.000 biztanlez gorako herririk euskaldunenean. Iragazki baliagarria izan da. Nola hustuko dut barrua horrelako baten aitzinean? Nola eseriko naiz arrotz sentiarazi nauen norbaiten dibanean? Ez da sentsibilitate falta bakarrik, baita marketing ezin kaxkarragoa ere. Lanak erraztu dizkidate behintzat.
Gure itsasbazterra turistentzat soilik ez da erakargarri. Duela urte zenbait balea bat Zarautzen hondartuta geratu zen. Hura piztiatzarra! Orain, berriz, marrazo batek egin digu bisita, hil huilan. Marrazo erraldoia zen, gizakiontzat batere arriskurik gabea omen, baina apenas gerturatzeko gogo handirik ematen zuen. Norbaitek hondartzatik bertatik hartu zituen irudiak. Euskal hiztuna zen, baina “¡un tiburón!” entzuten da behin eta berriz. Euskal Herritik kanpo ere berehala hedatu zen bideoa. Ederra zatekeen Santanderko edo Cadizko internautek Zarauzko irudiak ikusten hasi eta “marrazo bat!” entzutea. Erdaraz hedaturik, Santanderren edo Cadizen agertu balitz beste hunkitzen nau. Bai gutxi erakusten dugula gure nortasuna.