Gaur da Aberri Eguna, baina atzo ospatu genuen batzuek. Ekitaldirik jendetsuenak gaur izango dira, beharrezkoena atzo izan zela begitantzen zait, Euskal Herria Batera ekinbideak antolatua. Aberri Eguna aldarrikapena da. Sentimentala, kulturala, politikoa. Ezinbestekoa da geure izaera berezi eta bereizia ozen eta argi aldarrikatzea, baldin eta bi estatu handiren eta mundu globalaren ozeanoan urtuko den azukre koxkorra baino zerbait gehiago izan nahi badugu, baina aldarrikapen sakabanatuek ez dute hori ekiditeko oinarririk jarriko. Gaurko ekitaldiak bloke politiko nagusien meneko ospakizunak dira. Aurten, gainera, tentsioz beteriko hauteskunde giro nahasian, indar-erakustaldi bihurtzeko are ahalegin handiagoa egingo dute: begira nolako besondoak ditudan. Zinez uste dut iparra galdua dutela. Aberria lehenesten duenak jakin behar luke elkar hartuta ere bagarela aski ahul, kontuan behar luke egun honek ilusio-eragile behar lukeela, eta elkarri besondoak erakutsita ez dela bide egokirik urratzen. Ez dira ohar-tzen, maluruski, aparteko txinparta eragingo ligukeela urtean egun batez, egun puta batez, elkar hartzeko gai direla ikusteak, elkar eraisteko imin-tzioak egiten ari beharrean. Aberria, aba-herria, gurasoengandik jaso dugun ondarea. Etorkizun oparoa eman nahi badiogu, ezinbestekoa da aberria semerri edo alaberri bihurtzea, eta hori ez dugu egundo lortuko urtean behin bederen desberdintasunak bazterrean uzteko gai ez bagara. Batera ez bada, ez gara izango.