Aski buruhauste eta zaputzaldi izaten dituzte herri honetan euskaraz bizitzeko, sortzeko eta lan egiteko hautua egin dutenek: lege-oinarri ez aski bermatua, euskararen aurkako epaiak edota zenbait alderdi eta sindikaturen jarrera zikin-estalia etsigarri dira, etsigarri direnez. Gainera, hizkuntzak herri gisa damaigunaren kontzientzia gero eta epelago dakusagu, gero eta urardotuago, ezdeuserako gainbeheran. Alor anitzetako sortzaileen jarrera ere ez da oso pizgarri, ezta euskararen aldeko hautua egin duten batzuen joera ere, adierazkortasuna erdal esapideak neurririk eta galgarik gabe tartekatzean datzalako ustetan. Egun batzuetan errealitateak banakako talkan jartzen gaitu arazo horietakoren batekin, besteetan gabezia guztiek batera jotzen gaituzte muturrean, eta dosi ernarazleren bat behar izaten dugu amore ez emateko.

Aldian behingo dosi akuilagarri horietako bat dabil egunotan euskal geografiaren luze-zabalean, harro, herri! garrasika. Eria hutsarekin hunkitzen delako izango da agian, baina euskararen ardatzean biraka milaka herrikide ikusteak aparteko zirrara eragiten digu askori. Korrika gaindosi ere izan daiteke Iruñea erdian larunbat eguzkitsuan, baina Genevillatik ere igaroko da astelehen goizeko 5:26an, eta han ere izango da lasterkari eroren bat, herri honen berezko hizkuntzari arnas ematera joateko iratzargailua jarrita. Horixe baita Korrika, iratzargailua, haizegailua, akuilua, ingurura begiratu eta lau katu baino gehiago garela sinesteko balio digun dosia, eta hamalau baino gehiago izan nahi dugula oihukatzekoa.