Ez da asko falta izan bi euskal futbol taldek berriz ere elkarren aurka joka zezaten final handi batean. Bitxi da: zenbait hedabidek Errege Kopa idazten dute, Espainiakoa dela adierazi gabe, beste batzuek –Berria barne– Espainiako Kopa jartzen dute, noren ohoretan jokatzen den zehaztu gabe. Egiari zor, dena osorik jarrita, Espainiako Errege Kopa, ez da oso erakargarri gertatzen euskal abertzale eta monarkiaren aurkako garenontzat, baina horrelaxe daude gauzak. Goi-mailako lehiaketetan parte hartzeak zenbait zehar-kalte otzan-otzan onartzea dakar, baita Superkopa giza-eskubideak sistematikoki urratzen dituen herrialde batean jokatzea ere.

Futbolaren inguruabarrek zenbait jokabide lotsa-emangarri ere naturaltasunez onartzera eraman gaituzte, sumindura apartekorik gabe behintzat. Kirol ekitaldi bat arrisku handiko izendatzeak, gizarte normal batean bizi bagina, beste zerbait ulertarazi behar liguke: tximista, uholde edo haize arriskua... Ez, ordea. Bi kirol talderen jarraitzaileen artean istilu larriak izateko probabilitate handia adierazi nahi izaten du. Ekitaldi batera bengalaz, makilaz eta labanaz horniturik doana ez doa kirolaz gozatzera, taldea animatzera, barnean duen gorotz guztia bortxaren bidez kanpora-tzera baizik.

1992. urtean herbeheretar entrenatzaile bat zuen Valentzia futbol taldeak, Guus Hiddink. Mestalla estadioan Albaceteren aurka joka-tzekoak ziren. Taldeak berotzera irten zirenean, Hiddinkek bandera nazi bat ikusi zuen harmailetan. Epailearengana joan eta ezin argiago mintzatu zitzaion: svastika nazi hori kenarazten ez baduzue, guk ez dugu partidarik jokatuko.

Horrelako liderren faltan dago egungo futbola, jarraitzaile ultrei mezu argiak emango dizkieten entrenatzaile eta kapitainen faltan: “Hau kirola da, zuen frustrazioak bortxaz bidera-tzeko baliatu nahi duzuenok soberan zaudete, ez zaituztegu gure taldean nahi. Kirola goza-tzeko da, ez liskarrerako”. Koparik ederrena baino baliotsuagoa litzateke.