Dramatikoa da zenbait haurrek eta gaztetxok “handitan zer izan nahiko zenuke?” galderari ematen dioten erantzuna: ospetsu. Ospeak, sonak, lan onaren ondorio behar luke, ez bere baitan helburu. Besterik gabe helburu bihurtzen duenak nekez hautatuko du biderik maldatsuena; idazle on baten arrakasta kantari flamenko baten senar ohiaren alabarenaren pare jartzen duena errazago lerratuko da inoren trapuak haizatzera ganorazko lanera baino.

Ospearen nolakotasunak kontuan hartu ezean, ospetsu izatea ezagun izatea da. Ezagun izatea, berriz, ekuazio xinple bat besterik ez: zu ezagutzen zaituztenak zeuk ezagutzen dituzunak baino gehiago izatea. Zenbat eta alde handiagoa ekuazio horretan, orduan eta ezagunagoa izango zara. Fama lanaren zehar-kaltea da batzuentzat, beste zenbaiti adikzio bihurtzen zaio. Pilotari bati Benidormen oporrak nola pasatu zituen galdegin zioten: “Benidorm? Hura kaka zaharra duk, motel! Inork ez nindian ezagutzen!”. Cillian Murphy aktore irlandarrak, aitzitik, ospetsu izatearen ondorioak kudeatzeko arazoak ditu. Gehiago ezin-eta, jarraitzaileekin argazkiak ateratzeari uko egin zion orain urte batzuk. “Nahiago dut bakoitzarekin elkarrizketatxo bat izan, soila eta laburra izango bada ere, argazkien morrontzara makurtu baino. Argazkiei uko egiteak bizitza aldatu zidan”.

Farandulako beharginena dateke orekarik zailena. Jarraitzailerik ez duenak, arrakastarik ez. Dituenak, ostera, albo-kalteei aurre egiten lanak. Izan ere, norberak besterik ez du jakiten unean uneko aldartearen berri, baina argazki edo autografo eske datorrenak aurrez eraikitako irudi baten araberako erantzuna espero izaten du, ez famatuaren edo famatutxoaren barneko euforia edo trumoiak. Sona ez da beti egutera goxoa.