Erremediorik ez duenak okerrera baino ez dezake egin. Horixe gerta-tzen da gure autoritate-aitortza eta onespen-baimenekin. Erretiratutako agintariak mintzo derelarik, norberaren sentimendu eta ideologiaren arabera juzkatzen ditugu, salbuespen nabarmenegiak izan ezean. “Zenbat gogoeta aberasgarri egiten dituen Pepe Mijicak, haren esaldi bakoitzak ematen du zer pentsa.” Gure mundu-ikuskeratik eta pentsakeratik urrunekoei, aldiz –eminentzia bakan aipagarriren bat salbu–, kixkaliak, desfasatuak, burutik joanak edo mendekuzaleak irizten diegu.

Alfonso Guerra –Ibarretxe lehendakariaren Estatutu berri baterako proposamena tramitatu aitzin eskuilatu izanaz loriatu zen Espainiako presidenteorde ohia–, Kataluniako politikari eta militante kondenatu eta auzipetuei amnistia ematearen kontra mintzatu da zorrotz: “amnistia hau trantsizioaren kondena da, atzera egiteko eskatzen diet, oso larria litzateke eta”. Garai berean presidente izan zenak, Felipe Gonzalezek –behinola “nazional autonomi estatutoa, autogobernua, autodeterminazioa” zioen pankarta bati eusten joan zen hark– ildo bereko gogoetak egin ditu: “konstituzioan ez dira sartzen, ez amnistia eta ez autodeterminazioa”. Haren ondorengo presidenteak, ostera, Jose Maria Aznarrek –zeinak garai hartan esan baitzuen euskal independentzia zilegi dela, baldin eta ez bada bortxaz ezartzen– amnistiaren aurkako gizarte-mobilizazioa eskatu du, eta Nuñez Feijook, nortasunez gainezka, erronkari eutsi.

Eta hementxe gaude, bortxarik gabe burututako erreferendum baten ondorioz zigortu eta auzipetutakoen amnistiaren inguruan biraka, erresuma handi baten zimenduak dardaraziko omen lituzkeen afera bati katigatuta. Eta ni, okerrera baino egin ez dezakedan txartel-banatzailea, neure tinkotasunaz dardarka.