Inondik inora ez nuke gaur Nafarroa Arenan kantatu behar duten bertsolarien larruan egon nahi, eta halere oso ongi ulertzen dut finalaren atarian geratu direnen mina eta frustrazioa. Batetik, hori bizi gabe geratzeak eman dien penagatik; bestetik, urteko saio kopurua asko jaisteko arriskuagatik. Bateren batek laneko kontuak ere birpentsatu behar izan ditu finaletik kanpo geraturik. Bertsolari izan eta txapelketan parte hartzea erabaki duen norbaitentzat –bada horri uko egin izan dionik– sekulakoa da horrelako egun bat bizi ahal izatea, zirraragarria hainbesteko jendetzaren aurrean kantatzea, ahantzezina egun historiko horretan protagonista sentitzea. Aurtengoa are historikoagoa izango da, gainera: Bertsozale Elkarteak milaka sarrera gehiago saltzeari uko egin dio lurraldetasunaren mesedetan. Biharko finala, historian lehen aldiz, Nafarroan izango da.
Biziki zaila da bertsolaritzaren fenomenoa ezagutzen ez duen norbaiti gaurko festa azaltzea: zortzi lagun goiz eta arratsalde kantuan –batzuk ongi afinatzen ere lanak dituztenak–, batere musika tresnarik gabe; milaka lagun haiek entzuten zazpi bat orduz, isiltasun erabatekoan. Askorentzat egun-pasa egin edo festa batean parte hartzeko modu bat dela jakinik ere, bada hor hitzez azaltzen oso zaila den magia bat.
Lasaien joaten denak ere lanak izango ditu dardarari eusten. Lehen aldiz finalean sartu direnek horrelako plaza batean nola erantzungo duten ez jakitearen urduritasuna; final bat baino gehiago bizi izan dituztenek txapela lortu nahiarena. Bideaz gozatzea eta elkarlanean aritzea gauza ederrak dira, baina nork ez luke bere izena txapeldunen zerrendan ikusi nahi? Eta, halere, hori baino lorpen are handiagoa da historian arrasto bat uztea. Ea nork lor-tzen duen.