Urtebeteko atxiloaldia lehenbailehen atzean uztea beste helbururik ez genuen, horregatik joan ginen soldadutzara, gazte-gazte. Esateak lotsa eman behar liguke, baina soldadu izanak gara, bai. Armaden kontra egonik, geurea ez den herrialde batekoa zerbitzatzen pasatu genuen urtebete. Balizko gerra baterako prestatu gintuzten. Nik eta nire ingurukoek izan genuen prestaketarekin, Obabako apaizak eta aguazilak aise menderatuko zuten gure eskuadroia. Ondo elbarriak beharko zuten aurkariek gure kontrako borrokaldiren bat galtzeko. Infernu surrealista hura amaiturik, erreserbara pasatzen ginela ohartarazi ziguten.

300.000 erreserbista deitu ditu Errusiako armadak Ukrainako operazio berezian gauzak okertu zaizkionean. Gerrarako prestatuak ustez. Gu baino prestatuago ez badaude, trabarako. 35 urtez beheko soldaduak eta 45ez azpiko ofizialordeak deitu dituzte. Gizasemeak denak. Egun batzuetako erasoaldia behar zuena denboran fosildurik, operazio berezia pozoitu egin zaio Errusiari.

Beren burua salbu ikusten duten agintari politiko eta militarrek bulego arranditsuetan erabaki dute milaka herritarren bizia eta bizitza arriskuan jartzea. Bestelako zereginetan ziharduten 300.000 lagun, ia Bilboko biztanleak beste, gerrara. Ikasleak, informatikariak, zurginak, elektrikariak, dendariak… armak hartzera bortxatuak. Gerrarekin ados egon zein ez, joan egin behar irabaziko ez duten gudara. Gerran denek galtzen baitute. Egunotan ohiko bihurtu dira guraso, senide, emazte eta seme-alabengandik agurtzen diren erreserbisten besarkaden irudiak. Negarrez, ikaraz, laster arte agian.

Beste hainbatek ihes egitea erabaki dute. Bitxi da, erasotzaileen herritarrak doaz ihesi. Dena utzita, lanik eta bizilekurik ziurtatzen ez dien deserrira. Mundua bera ari zaigu deserri bihurtzen, erbeste bilakatzen, arrozten.