Hizkuntza murgilketa indartu Euskal Herriko hezkuntzan

13.07.2021 | 10:39
Hizkuntza murgilketa indartu Euskal Herriko hezkuntzan

Ikasturtea bukatzear dagoela euskal hezkuntzako hizkuntza ereduen inguruko eraginkortasunaren inguruan hausnarketa sakona egin beharra dago; izan ere, Eusko Jaurlaritzak Eustaten argitaratutako datuen arabera 2020/2021 ikasturtean Euskadin derrigorrezko eta derrigorrezkoak ez diren etapetan eredu euskalduna (D eredua) arrakasta handiena izan duena 255.763 ikasle ikasi baitute beraien ikasketak osotasunez euskaraz. Eredu erdaldunean (A eredua) 55.259 ikasle eta bitartekoan (B eredua) 67.449 ikasle. Datu horiek agerian ikusten dute gaztelaniaz ikasteko matrikulazioen datuak oraindik oso sarriak direla, batez ere Batxilergoan eta Lanbide Heziketako zikloetan. Euskaraz ez ikasteko arrazoien artean izaten dira euskaraz ikasteko eskaintzak eskasak direlako aipatutako hezkuntza maila gorenetan edo itunpeko ikastetxe askotan D ereduaren aldeko apustua ez delako egiten. Hortaz, euskal hezkuntzako maila guztietan euskalduntze prozesua eraginkorra izateko hurrengo aldaketak gauzatzeko beharra dago:

Lehenik, ikastegietan eskaintzen diren hizkuntza ereduei erreparatuz, sare publikoan D eredua da eskaintza nagusia duena. Hala ere, badaude herri batzuetan A eta B eredua eskaintzen duten eskola publikoak, nahiz eta haietan eskaera oso eskasa den. Horregatik, matrikulazioak kontuan hartuta ikastetxe publikoek arrakasta handiena duen eredu euskalduna eskaini beharko litzateke soilik. Bestetik, Itunpeko ikastetxeei dagokionez, bereizi egin behar dira Ikastolen Elkarteko eta Kristau Eskoletakoen ikastegiak. Ikastolen eskaintza D eredukoa da, baina Kristau Eskoletakoa A eta B ereduetako da gehienbat. Hori dela eta, desoreka nabaria dago Euskal Herrian sare publiko eta kristau eskolen eskaintzen artean euskaraz osotasunez ikasteko orduan. Argi dago itunpeko ikastetxeek berezko ikuspuntu eta interes pribatu batetik bere hezkun-tza eskaintza plazaratzen dituztela gizarteari eta eskubide hori dutela, baina erakunde publikoak ez diren arren milaka haur jasotzen dute bere baitan eta gizartearen eragile garrantzitsuak dira. Beraz, Kristau Eskolak D ereduarekiko duen jarrera birpentsatu beharko du eta ausardia izan euskalduna eta eraginkorra den D eredua eskaintzeko euskalduntze prozesuaren onurarako.

Bigarrenik, kezkagarria da ikasle batzuk duten joera herri batzuetan Batxilergoa A ereduan ikasteko aurreko hezkuntza etapak D ereduan ikasi duten arren; adibidez, Barakaldoko Udal Goreneko hezkuntza arloko zerbitzu teknikoak idatzitako, Matrikulazio txostena 2020-2021 ikasturtea izeneko idazkian, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan A ereduan 195 ikasle matrikulatuta zeuden eta D ereduan 1536 ikasle. Batxilergoan ordea, datuak ezberdinak dira; A ereduan 536 ikasle ikasi dute eta D ereduan 446 ikasle. Aipatutako egoera hori ohikoa da batez ere eremu erdaldunetan eta horrek adierazten du hezkuntza euskalduntze prozesuak ez duela funtzionatzen hainbat udalerrietan; izan ere, nahiz eta gehienbat ikasleek derrigorrezko etapetan D ereduan ikasten duten, kopuru handi batean itunpeko ikastegietara joateko joera dute, hauetako batzuk A eredua eskaintzen baitituztelako. Ondorioz, erakunde publikoen aldetik jarrera aldatu beharra dago, zeren ez da inolako kanpainarik egiten derrigorrezkoa ez den Batxilergoko ikasketak ere euskaraz egiteko eta horrek kontraesana ipintzen du hainbat udalek egiten duten apustua derrigorrezko etapetan euskaraz ikasteko.

Hirugarrenik, Lanbide Heziketari dagokionez, azken urteetan heziketa zikloak euskaraz izateko bultzadak egin diren arren eskaintza oso eskasa da eta orokorrean gaztelaniaz dira gehienak. Eustaten datuen arabera Euskadin ikastetxe publiko eta itunpekoen datuen batuketa eginez guztira 2020/2021 ikasturtean A ereduan 18.090 ikasle ikasi zuten Lanbide Heziketako Erdi edo Goi Mailako zikloren bat. Aldiz, D ereduan b, 9.321 ikasle. Hortaz, eginbeharra dago erakundeen aldetik Lanbide Heziketa euskalduna izateko; izan ere, ikasle gehienek beraien ikasketa prozesuan euskaraz ikasten dute, baina derrigorrezko etapa bukatzerakoan, gehienetan ogibidea gaztelaniaz ikasteko aukera bakarra dute eta horrek hainbat ondorio kaltegarriak ekar dezake. Adibidez, ikasitako ogibideetan gaztelania erabiltzeko joera izatea. Gainera, ikasle askoren ama-hizkuntza euskara da, baina zoritxarrez nahi duten zikloa beraien hizkuntzan ikasteko aukera ez dute ziurtatuta, horrenbestez eskubidea izan behar dute ama-hizkuntzan lanbidea ikasteko.

Laburbilduz, hizkuntza ereduen matrikulazioak eta eskaintzak ikusita, D ereduaren arrakasta nabarmena da, baina aurreko irakurketaren egin ondoren, hori ez da guztiz egia, ikasle ugari ibilbide akademikoaren amaierako ikasketak A ereduan garatzen baitute. Horregatik, erakundeen aldetik murgiltze-ereduaren indarketa sakona eta eskaintza erakargarria egin beharra hezkuntza etapa guztietan; izan ere, ikertutako hainbat datu ikusi ondoren, eredu hori da eraginkortasunez euskalduntzen duena. Ikerketek erakusten dute soilik murgiltze sistema batean eskolatutako haurrak gai direla Euskal Herrian dauden bi hizkuntza ofizialetan eraginkortasunez moldatzeko. Beraz, agortuta daude indarrean diren hizkuntza ereduak eta Euskal Herriko hezkuntza legean euskarazko hizkuntza murgilketa eredu bakarra araututa egon beharko da, elebitasuna bermatzearekin batera derrigorrezkoa eta derrigorrezkoa ez den hezkuntza maila guztietan euskaraz ikasteko eskubidea guztiz ziurtatuta egoteko.

noticias de noticiasdegipuzkoa