Gaur 40 urte zendu zen Telesforo Monzon, Donibaneko Mende Berri etxean, Josefa Ganuza, beti bezala, alboan zuela. Josefa alargunak, Isidro anaia eta Dolores arrebarekin batera, Monzonen nahia beteko zuen : "Etxea Euskal Herriari eta Bergarari nahi diot utzi (..), "Fundaziño" bat nahi dut egin, eta hori bergararrentzat eta Euskal Herriarentzat izatea nahi dut". Ez da, halaz ere, gaurko 40. urteurrena Telesfororen heriotza gogoratzeko eguna, Monzon eta Josefaren bizi oparoa ospatzekoa baizik. Euskal Herriari, bere lurralde guztiei, euskal kultura zein hizkuntzari eskainitako bizi oparoa izan baitzen biena. Eta horregatik, gaur, Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak sorturiko Monzon-Ganuza sariaren bidez, Telesforo eta Josefak gure herriari, kulturari eta hizkuntzari eskainitako bizitza oparoak ospatuko ditugu. Hori, gainera, bizitzan zehar eskaintza hau egin dutenekin batera egin nahi dugu. Telesforok "utopiko" gisa definitzen zituen horien bizitza ospatuko dugu; berak eta Josefak bezala, bihotz betez gure herriaren alde lanean aritu diren euskal "utopikoak" baitira gure herriaren askatasuna ekarriko dutenak. Gaur Libe Goñi Garaterekin ospatuko dugu Monzon-Ganuza Sariaren eguna. Euskal umeek Euskal Herrian, eta bereziki iparraldean, euskarazko eskoletan, ikastoletan, hazi eta hezteko utopia egi bihurtzea posible egin duen belaunaldi miresgarri baten ordezkaria da Libe; utopia honi jarraiki bizitzan zehar gazi-gozoak bizi izan dituena, arriskuak eta zorionak, gure herriaren aldeko bizi oso batean.Eta Monzonen bizitza ospatzeko unean haren bizi osoa gidatu zuten baloreak izan nahi ditugu gogoan, balore hauen gaurkotasuna agerian jarriaz:

Herri honekiko eta bere hizkuntza eta kulturarekiko konpromisoa

Telesforo Monzonek eta Josefak bizitza erraza izan ahal zuten, hala nahi izan ezkero. Familia aberatsen seme-alabak izaki, lur sail eta etxe askoren jabe, bizimodu errazerako aukera izan zuten. Baina horren ordez aberriari eskaini zioten bizia; baita gerra eta erbestearen ondoren ere. Honela, 60. hamarkadan Iparraldera ihes zihoazen belaunaldi berriei ateak ireki eta laguntzera bultzatu zituen herriarekiko zuten konpromisoak; eta hauekin bat eginik jardutera. Engaiamendu hau azken urtetaraino eraman zuten, Monzonek bere azken urtean Nanklareseko espetxean igarotako egunek erakusten dutenez. Konpromiso hau oso garbia zen bere hizkuntz zein kultur jardunean ere. Gaztetatik euskararen garrantziaz jabetuta, euskarak gure herriaren berreskurapenean duen zentralitatea azpimarratu zuen beti: "ulertzen ez gaituztenean ulertuko gaituzte" zioen. Kultur konpromisoak poesian, antzerkigintzan eta prosan ere euskaraz aritzera bultzatu zuen. Argi zuen euskara eta kultura zirela gure nazioaren ardatza eta bihotza; horiek galduta nazioa galdua zela eta, ondorioz, ezein independentziak ez zuela zen-tzurik izango.

Batasuna eta elkarlana, aurrera egin ahal izateko oinarri

"Indarrik ez badugu ez dugu askatasunik izango, eta ez dugu indarrik izango batasunik ez badugu" zioen Monzonek. Horregatik, Monzonentzat gure herrian sinesten zuten guztien batasuna ezinbesteko balioa izango zen beti, eta 60. hamarkadatik aurrera abertzale guztien batasuna lortzea jarri zuen bere jardunbide politikoaren erdian. Monzonen ustez, herri egitasmo handiak batasun eta elkarlanaren bidez lor zitezkeen soilik. Besterik politikakeriara jokatzea litzateke, eta gu bezalako herriek, bere izatea bera zalantzan dutenek, ez dute luxuzko politikakeriatan ibiltzerik.

Zorrostasuna analisian, eta analisien azalpenetan

Monzon zorrotza zen bere analisi politikoetan, eta helburuak garbi edukirik, ez zuen zalantzarik hauek erdietsi ahal izateko taktika zein estrategiak egokitzeko. 30. hamarkadan autonomia estatutuaren alde egin zuen, baina gerran sorturiko euskal gobernuak hori baino gehiago ordezkatzen zuela ulertu zuen. Gerra ostean, errepublikarekiko lotura mantentzeari ez zion balio handirik ikusi, eta munduan herri gisa agertzearen alde egin zuen; bai eta euskal alderdi orori euskal obedientzia eskatzearen alde. Eta bigarren mundu gerra ostean ez zuen beldurrik izango estrategia baten agorpena ikusi eta bide berriak bilatzeko (monarkikoekiko gerturatzea barne). Ondoren, belaunaldi gazte berriekin topatzean, hauekiko lotura ezinbestekoa ikusi zuen. Zorroztasun honek eta aberria alderdiaren gainetik jar-tzeak kalapita eta arazoak ekarri bazizkion ere, Monzonek beti zorrotz jardungo zuen bere herriarekiko konpromisoan.

Belaunaldi berrien ideia eta kezkekiko irekitasuna

Azkenik, Monzonek zerbait erakutsi bazuen, belaunaldi berriekin eta haien kezka eta asmoekin konektatzeko gaitasuna eta irekitasuna izan ziren, hauek askotan ez ulertu edo ez konpartitu arren. Bazekien etorkizuna haiena zela. Monzonek argi ulertu zuen bere belaunaldiaren eta ondorengoaren arteko zubigintzaren garrantzia; Euskal Herriaren berreskurapena borroka-kate luze bat dela; belaunaldiz-belaunaldi iragana etorkizunarekin lotzen direla, kate bereko katebegiak bezala. Monzonen balore hauen gaurkotasuna nabaria da. Gure herriak dituen etorkizuneko erronka ikaragarriei aurre egiteko konpromisoa beharko dugu; batasuna eta elkarlana beharko ditugu; zorrostasuna unean-uneko errealitatea ulertzeko eta, nola ez, belaunaldi berrien atxikimendua ere ezinbestekoa izango da. Monzonek erakutsi zigun posible dela. Ospa dezagun bere bizi osoko konpromisoa.