Eraldaketa handiak bizi ditugu, ezbairik gabe. Lehendik ere, ordea, XX. mendean zehar euskaldunok gure pentsaera, jokaera eta sentiera sustraitik aldatu dituzten transformazioak bizi izan ditugu. Industrializazioak aurrena eta nazioarteko merkataritzara irekitzeak geroxeago, arlo ekonomikoan eta etiko-kulturalean gure portaerak biziberritzea ekarri zituzten. Jakin izan dugu pertsona burujabearen tradizioari eutsi eta gure hitzaren eta lanaren jabe izaten. Planteamendu horretatik abiatuta ari gara, hain zuzen ere, Joxemari Kortaren Bidetik Fundazioaren ekimenez, Lanbide Heziketan balioak lantzeko egitasmoa jorratzen.

Jakinekoa denez, garai aldakor eta nahasiek ziurgabetasun handiak sortzen dituzte. Bizi ditugun garaiak zailak dira, eta eraldaketa teknologikoak eta merkataritza globalak eragindako transformazioak gutxi ez, eta COVID-19 pandemiak modu sinkroniko eta globalean ekoizle, bezero eta kontsumitzaileen eskaria supituan eten eta ekonomia gelditu ditu, gure enpresa-aktibitatea kolpatu, eta kaudimen publiko eta pribatua ahuldu, besteak beste. Era batera eta bestera, gure produkzio-egitura, enplegua eta lan merkatua bestelakotzen ari dira eta erronka latzak ditugu aurretik.

Eraldaketa berriek, gainera, hainbat berezitasun dituzte. Giza historian eraldaketak ohiz kanpokoak izan dira, eta prozesu oso luzekoak. Esate baterako, XVII. mendean hasitako transformazio industrialak, mentalitate analitikoak eta enpresaburuen kultura inbertsoreak lau mende luze behar izan zituen goren-unera iristeko, eta aurrena Ingalaterran, gero Europan eta Ameriketan, eta beranduago Japonian hedatu zen. Gaur egungo eraldaketek izaera oso ezberdina dute: modu hiper-azeleratuan gertatzen dira, ziklo oso laburrak dituzte, globalak dira (tradizio kultural eta ekonomiko oso ezberdinetan aldi berean gertatzen da), eta mundu mailako konbergentzia teknologikoak manufaktura eta zerbitzu aurreratuetako lehiakideak ugaritu ditu; gure aldean, gaitasun finantzario, inbertsiogile eta teknologiko handikoak, gainera.

Horrez gainera, noski, eraldaketa teknologikoak produkzio-sistema ez ezik, sozializazio eta komunikazio-sistemak eraldatu eta balio-sistemaren, interakzio pertsonalen, komunikazio sozialaren eta kultur kontsumoko patroien aldaketa azkartu ditu. Gurea bezalako herri txikientzako produkzio- eta komunikazio-sistema eraldatzeak sustraiko aldaketa esan nahi du. Horretaz ondo jabe-tzea ezinbestekoa da, eraldaketak gure kapital sozialean eta herrikideen subjektibitatean bete-betean eragiten baitu.

Alde horretatik, ehun ekonomikoaren garapenari dagokionez, bistan denez, gure egiteko moduetan berrikuntzak arlo askotan bideratzen ari gara. Neurri horien artean, hezkuntzari eta formazioari loturikoak aipatu daitezke; esate baterako, pertsonen gaitasun zientifiko-teknikoak hobetzea eta orokortzea, etengabeko prestakuntzarako estrategiak garatu eta inplementatzea, tokiko ehun produktiboa berrituko dituen eskain-tza eta ibilbide formatiboak eguneratzea, edota mundu digital, global eta lehiakorrean aritzeko gaitasunak eta abileziak lantzea, besteak beste. Guztion eskuzabaltasuna, konpromisoa eta ausardia eskatzen dituzten neurriak dira, zalantzarik gabe.

Gure ustez, ordea, hezkuntza arautuan bikaintasuneko profesionalak formatzea garrantzitsua bada ere, nahitaez begirada zabalagoarekin aritu behar dugu. Izan ere, gizalegez arituko bagara, gizakiaren eta herrigintzaren kontzeptu bat lehenetsi beharrean gaude, eta gutako bakoitzaren kon-tzientzian (zer naiz ni eta zer nahi dut) balio jakin batzuk landu behar ditugu. Hori dela eta, pertsonaren kontzientziari eta autonomiari loturiko balioak lantzea premiazkoa da. Hezkuntzari loturiko politika eta ikaste-irakasteko eredu gehientsuenetan oinarri-oinarriko gai hori faltan ematen dugu. Bestela esanda, pertsona bere lan-jardunean zein herrigintzako beste arloetan eran-tzukizunez eta bestearekiko esker onez eta eskuzabaltasunez arituko bada, erakundeen artean (enpresak, finantza-entitateak, herri-erakundeak, ezagutzako zentroak, gizarte zibila) elkarlaneko dinamikak sustatuko badira, edota gure helburuen horizontea zabalduko badugu (gizabidea eta etorkizun gizatiarra ipar izatea, alegia), nahitaez prestakuntza teknikoan eta profesionalean ez ezik, pertsonak kondizio subjektiboan ere hezitzea beharrezko dugu. Dudarik gabe, pertsonak balioak etxean eta auzoan jasotzen ditu, baina horien pisua ahultzen ari da, beste sozializazio-eragileena handitzen ari den bitartean. Hori dela eta, pertsonen formazio arautuko sasoian pertsona arduratsu eta herrigilearen heziketa etikoa garrantzi-tsua da. Jakina, balioetan hezteak dimentsio kognitiboan, emozionalean eta moralean lan egitea eskatzen du. Esate baterako, gaur egunean enpresan pertsonek zer nolako testuingurutan lan egiten duten ezagutzea eta praktika errealen bidez norberaren kon-tzientziaz jabetzea eta erantzukizunari buruz hausnarketa egitea. Eguneroko praxiari lotua dago hezkuntza etikoa. Pertsonek eta belaunaldiek guztia berrasmatzeko ohitura izaten dugu, eta gure aurrekoei esker oneko izatea kosta egiten da. Baina gure iragan hurbilari erreparatuz gero, jabetuko gara euskaldunok lehenago ere mundu berriei aurre egiten jakin izan dugula. Pentsatu besterik ez dugu 1960ko hamarraldian baserritik herrira jaitsi, fabrikako lanari ekin edo enpresak, lanpostuak eta aberastasuna sortu zituzten pertsonek zer nolako errealitate soziala, kulturala eta ekonomikoa topatu zituzten. Nekez esan dezakegu haien egoera gurea baino samurragoa izan zela. Alabaina, etxean jasotako barne-bizitza aberats, sinestun eta sakonari jarraipena ematen jakin zuten. Horrek esplikatzen du pertsona haiek krisi garaiari emaniko erantzun eredugarria: enpresak sortu eta aurrezkiak birkapitalizatuz, lankidetzako egitasmoen bidez finantza-baliabideak herribideratuz, edota modu eskuzabalean herri-erakundeekin elkarlanean bizi-horizonte indibidualak eta kolektiboak ireki eta aberastuz. Horri zor diogu, esate baterako, Lanbide Heziketak gurean izaniko garran-tzia eta etengabe berritzeko bokazioa, baita tradizio industrialari eutsi eta berritzeko apustua ere, edo langileek enpresekin ahalegina partekatuz pentsio osagarria izateko sistema. Gurean kooperatibek duten pisua da aipagai dugunaren beste adibide egokia. Aurretik ere, beraz, jakin izan dugu pertsona burujabearen gure tradizio etiko-kulturalari eusten eta eraldaketei modu gizatiarrean erantzuten. Hala sinetsi eta praktikatu zuten Joxemari Kortak eta haren belaunaldiko hamaika gizon eta emakumek. Iturri hartatik edanda dihardu Bidetik Fundazioak bere ahaleginean, eta ipar hori dugu abiapuntu Bidetik Fundazioarekin Lanbide Heziketako arlo teknologiko-industrialean ikasleen formaziorako lantzen ari garen egitasmoan. Eta bide horrek, desiragarria, posiblea eta arrazoizkoa dela iruditzen zaigun heinean, gure unibertsitateen eta gainon-tzeko erakunde, enpresa eta herritarren elkargune ere izan behar du. Ez dira makalak aurrean ditugun erronkak, ez dira kamutsak datozkigun arazoak, baina jakin badakigu, balioen bidean urrats bakoitza elkarren onerako aurrerabidea dela.