rrazoi desberdinak daude ikasleek azterketa euskaraz ez egiteko. Hasteko, zuzenbide-fakultateetan euskarari ematen zaion garrantzia ez da behar adinakoa. Lerro hauek idazten dituenak, irakasle den ginoan, ederto asko daki zer-nolako gainbehera bizi dugun azken urteotan.

Gure ikasleek euskaran eta zuzenbidean ondo trebatutako irakasleak behar dituzte. Baina zer da ondo trebatua izatea? Eskolak behar bezala emateaz gain, eskuliburuak eta osterantzeko material guztiak euskara tekniko juridikoan prestatzeko gai izatea. Itzultzaile ez ezik, sortzaile ere behar du irakasleak. Halaber, behar-beharrezkoa da ikasleei zuzenbidea eta euskara uztartzea posible dela agertzea, bai eta uztartze hori maitatzen erakustea ere. Konprometitutako irakasle euskaldunak behar ditugu eta ez, besterik gabe, euskara eskolak emateko aukera bezala baino ikusten ez dituztenak, nahiz eta euren euskara-maila erdipurdikoa izan. Denak eta edozerk ez dute balio. Euskara hizkuntza ofiziala dugu gurean. Halatan, bultzatu eta babestu behar da, errespetu osoz.

Halaber, euskararen aurkako propaganda inolako lotsarik gabe egiten da zuzenbideko ikasketei begira. Ez omen du ezertarako balio zuzenbidea euskaraz ikasteak gerogarrenean gaztelaniaz lan egin behar bada.

Ezin uka daiteke auzitegiek gaztelania darabiltela, baina horrek ezin die kalterik egin bezero euskaldunei kalitatezko zerbi-tzua euskaraz emateari eta kasuan kasuko izapideak euskaraz egin ahal izateari. Zoritxarrez, oso gutxi dira euskaraz jar-tzen diren demandak edo egiten diren errekurtsoak. Lan-arloko gorabeheretan ere, non sindikatuek nahiz enpresaburuen erakundeek aukera gehiago duten euskaraz aritzeko, gaztelania da nagusi. Beraz, hor ere badago zer hausnartu.

Testuinguru horretan, 2019-2020 ikasturtean Euskal Herriko Unibertsitateak ez du euskaraz eskaini Abokatu gisa jardun ahal izateko Masterra eta Deustuko Unibertsitateak ere zalantzak izan ditu 2020-2021 ikasturtean eskaintzeko. Ikasle gutxi omen daude prest ikasketok euskaraz egiteko.

Ekonomia-arrazoiak gailen daitezke akaso? Normalizazio-prozesuan oraindik, eta sustatu beharreko hizkuntza izanik gurea, ez dut uste. Beste kontu bat da, aldez aurretik ereiten ez dena ezin dela gero bildu. Bestela esanda, erakargarri egin behar dira zuzenbideko ikasketak euskaraz. Ikasleei jana eman behar zaie. Esaera zaharrak argi dio: eman ez, jan ez.

Nola ez da ba posible izango auzitegietan eta Administrazioetan euskaraz aritzea zuzenbideaz dihardugunean?

Alferrikakoa da euskararen alde gaudela esatea, euskararen aldeko jaialdietan parte hartzea edota Euskaraldian parte hartzea, baldin eta gero zuzenbidean euskara baztertzen baldin badugu.

Euskarak aurrera egin behar badu, arlo profesionaletan sakondu behar da. Aitzitik, gutxietsi egingo da, desagertzeraino.

Eskubidea dugu zuzenbidean ere euskaraz aritzeko. Asko borrokatu behar izan da eskubide hori izateko. Hortaz, betebehar morala ere badugu euskaldun moduan berau egikaritzeko. Berandu baino lehen, ikasle euskaldunok ez utzi zuzenbidea euskaraz ikasteari.

Horrek ez du esan nahi, ordea, zuzenbidea gaztelaniaz eta beste hizkuntzetan ikasi behar ez denik. Jakina baietz. Hor dugu euskaldunok erronka eta egin beharreko aparteko esfortzua. Baina guk egiten ez badugu nork egingo du?

Egin-eginean ere, zuzenbidea beste hizkun-tzetan ikasi ezean, ezin izango dugu euskaraz garatu beste antolamendu juridikoetan jaso dena. Ez dugu ahaztu behar euskaldunon unibertsoa mugatua dela, eta zuzenbidean euskaraz aritzeko aldez aurretik beste hizkuntzen iturrietatik edan behar dugula. Ezin dugu euskaraz sortu gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez beste, baina bai gure hiztun-komunitatearentzat lain.

Batzuk ukatu arren, benetako ikerketa-lana dago horren guztiorren atzean. Itzulpengintzatik hasi eta sormenerainoko bidean lan eskerga egin behar da.

Gogoan dut Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuan duela 20 urte hartutako eskarmentua. Euskal klasikoak irakurtzen genituen euskararen diskurtso jator eta jantzia lantzeko, kontzeptu juridiko bakoitza sakon aztertzen genuen, kon-tzeptu-familiak eta hiztegi terminologikoak egiten genituen, eta, azkenik, itzulpenak, zuzenbideko ia arlo guztietan. Hori da bidea.

Nolanahi ere, aurrera egiteko ikasle euskaldunak esnarazi behar ditugu, berriro ere, guk gure garaian egin bezala, zuzenbidea euskaraz ikasi eta landu dezaten.

Sarritan iraganera begiratzea komeni da, zuzenbidean euskaraz jardun ahal izateko eman behar izan diren urratsak aztertu eta indarberritzeko.

Esangura horretan, Idiakez auzia ekarriko dut gogora.

II. Errepublikaren garaian, Frantzisko Idiakez Indo jeltzaleak, eztabaida politiko bat tarteko, bere anaia Zezilio defendatu nahian hil zuen Getarian Ziriako Gatxaga sozialista. Horren ondorioz, 1933an epaitu zuten Frantzisko Idiakez eta ia-ia 24 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten. Zernahi gisaz, laster jakin zen zinpeko gehienek ez zituztela ulertu auzitegiak egindako galderak, gaztelaniaz behar bezala ez jakiteagatik.

Auzia bidegabekotzat jota, Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ-k) izugarrizko kanpaina hasi zuen orduan, Idiakez askatu eta justizia-administrazioan euskara erabili ahal izatea aldarrikatzeko.

EAJ-k gogor salatu zuen Euskal Herrian epaitu beharreko auzietan euskara erabiltzeko aukerarik ez izatea. Zehatzago, zuzenbide naturalaren aurkako erasotzat jotzen zuten.

Mitin bat eta guzti antolatu zen, euskararen mesedetan eskubide guztiak aitor zitezen justizia-administrazioan. Besteak beste, Teodoro Hernandorena, Manuel Irujo, Jose Antonio Agirre eta Telesforo Monzon ziren parte hartzekoak. Alabaina, gobernu-agintaritzak mitina galarazi zuen.

Madrilen EAJren diputatu ziren Horn eta Leizaolak ere gogor egin zuten, Idiakezen epaia berrikus zedin.

Azkenean, Auzitegi Gorenak erabaki zuen 8 urtera murriztea espetxe-zigorra.

Baina bidegabekeriak bere horretan jarrai-tzen zuela ikusirik, Getarian hasita, Euskal Herriko edozenbat udalerritan auzia berrikusteko eskaria egin zen. EAJren ildoko egunkariak ere euren mezuak gogortzen hasi ziren, Idiakez euskararen aldeko eskubideen ikur bihurtzeraino.

Gerora, Landaburu eta Horn diputatuen jardunari esker, 1934ko Amnistia Legearen ondorioz, epaia berrikustea lortu zen. Ez zen onartu berrikuspena euskaraz izatea, baina auzitegiak beren-beregi agindu zuen zinpekoek gaztelania ondo ulertzea. Baldin-tza horietan, berrikuspenaren emaitza honakoa izan zen: Idiakez errugabetzat jo eta aske uztea. Auzitegiak ulertu zuen Idiakezek bere anaiaren heriotza saihesteko ahaleginetan hil zuela Gatxaga, defentsa legitimoan alegia.

Laurogeita sei urte geroago, nahi beste eta nahi izango genukeen moduan ez bada ere, euskara baliatu daiteke justizia-administrazioan, baina, zinez, sekula ere ez gara haratago joango ikasle euskaldunek uko egiten badiote zuzenbidea euskaraz ikasteari eta, ondorenez, jarduneko abokatu euskaldun izateari.

Deustuko Unibertsitateko Lan-zuzenbideko irakaslea