Bete dira 80 urte. 1936ko urriaren 6an gertatu zen. Euskadiko gudarosteak, tupustean antolatutako armada hark, milaka gudari eta miliziano boluntariok osatutako hark, faxistei aurre egiten zien Elgoibarren. Egun berean, Errepublikako presidente Manuel Azañak Euskadiko Autonomia Estatutua onartzen zuen Dekretua izenpetu zuen, Espainiako Kongresuan aho batez urriaren batean onetsitako huraxe. Artean Bizkaiko diputatua zen Jose Antonio Agirrek garrantzi handiko diskurtsoa egin zuen bilkura hartan. Handik aste betera lehendakari izendatu zuten. Diskurtso hura osatzen zuten berben mintzek demokraziaren, Euskadiren autogobernuaren eta EAJren doktrina abertzalearen humanismoaren zutoinak ehuntzen dituzte.

"Arazoa horrela azalduta, gure jarrera oso garbia izan zen: faxismoaren aurkako borroka bizirik eta inperialismoa euskal askatasunaren kontra oldartuta, abertzaletasunak, historian zehar egin ohi zuen bezalaxe, demokraziaren eta askatasunaren alde agertu behar zuen. Horretan jarraitzen dugu, ondo asko dakizuenez. Errepublikak gurearen antzeko herriek dituzten asmoei bide eman zien, nazionalitatea eratu eta herri izateko gogoa duten herrien asmoei hain zuzen. Gaurkoa egun historikoa da: behin irakurrita, Euskal Estatutuaren irizpenaren testua onartuko duzue, eztabaida eta oharrik egin gabe, hala dut nik espero, handikiro onartu ere euskal autonomiaren testua. Zalantzarik gabe, horrek borroka eraginkorragoa bilakatuko du, parlamentua ulerbera izan delako eta Euskal Herriaren aspaldiko askatasun gogoari, neurri batean behintzat, jaramon egin diolako. Nagusiaren eta umilaren arteko hautuan, gu herriarekin beti, herritik gatozelako, herriarentzat jaio ginelako eta herriarekin batera borroka egiten dugulako. Horixe da gure gogoa, katolikoa zeharo, are duela gutxiko zenbait gertaerak, sinesten dugun Elizako nagusi batzuei egotzitako gertaerek, bestela jokatzera eraman gintzaketenean; izan ere, horrela esango dizuet, inolaz ere ez duzue nahastu behar gure betiereko Eliza eta berorren kide batzuek egin dezaketen gaiztakeria-saldoa, ezin baitu Elizak halako izaera txarrik izan, beraren seme-alabok doktrinari kasu egin ez eta bide okerretik joanda ere. Faxismoari gailendu arte, euskal abertzaletasunak tinko eutsiko dio borrokari".

Biharamunean, urriak 7, 32 urteko Agirre Gernikako Juntetxean sartu zen, txalo-zaparrada handia tarteko, agintari eta herritar askoren aurrez aurre. Abertzaleak, sozialistak, errepublikazaleak, anarkistak eta komunistak biltzen zituen gobernu demokratikoko ordezkariek inguratuta, karguaz jabetu zen Agirre eta, jarraian, Zuhaitzaren parera joan zen. Han gudarien aurrean egin zuen zin: "Jaingoikuaren aurrean apalik Euzko-lur ganian zutunik asabearen gomutaz Gernika'ko zuaizpian nire aginduba ondo betetzia zin dagit".

Mola jeneralaren harropuzkeriak mehatxu egin zion Euskal Herriari, abioietatik botatako paskinak baliatuta: "Azken abisua: prest naukazue Espainiako iparraldeko gerra ahalik eta lasterren amaitzeko. Herri eta hirietako biztanleen bizitzak eta ondasunak errespetatuko ditut, baldin eta gogo onez armak entregatzen badituzue eta zer leporatu ez baduzue. Berehala etsitzen ez baduzue, ordea, Bizkaia oso-osoan suntsituko dut, hasi eta armagintza-enpresak birrindu aurrena. Behar adinako tresnak ditut hori egiteko. Mola".

José Antonio Agirre hunkituak ez zuen etsi eta beldurrak eta dardarak hartuta horrela adierazi zion munduari Gernikako bonbardaketaren tamala: "Guztiok epaituko gaituen jaungoikoaren eta historiaren aurrean hauxe diot: hiru ordu eta erdi luzean alemaniar hegazkinek, ordura arte ezezaguna den krudelkeriaz, Gernikako herri historikoko herritar babesgabeak bonbaz josi dituzte, herria erabat suntsitu arte. Emakume eta umeen atzetik jo dute metrailadoreei ekinda: ihes beldurgarri horretan, haietako asko hil egin dituzte. Hona nire galdera mundu zibilizatuari: bada eskubiderik halako txikizioa eragiteko, Askatasuna eta Demokrazia ezin hobeto irudikatu duen milaka urteko Zuhaitzaren zaindari den Gernika txikitzeko?"

Gerra zibila amaitu eta hilabete gutxira, 1939ko Gabonetako abenduaren 24an horrela mintzo zen Agirre euskaldunen aurrean: "Gaurko eguna ezin albo batera laga zuengana jo barik aberkideok, Gabonetako jaiak tartean. Are azken aldiko gertakizunak nola ari diren bilakatzen ikusita. Sufrimendua gorabehera, gure aurka eragindako bidegabekeriak hortxe, aberriaren etsaiek gure lurrera ekarritako suntsipena ageri-agerikoa izanik ere, gure zenbait lagun itsu egonik ere (oker dabiltzan lagun horiek ez dute euskal herri batasuna ezinbestekotzat jotzen, eta ondo dakigu batasun horrek sendatuko dituela gure gaitzak, ez gure mugetatik kanpoko ezerk)...hitz bitan esanda, gure herriaren egoera tamalgarria baino tamalgarriagoa bada ere, hauxe eskatzen dizuet gogo biziz: gure bihotza garbi-garbia da, ez dago bertan inongo gorroto edo aiher hondarrik. Inoiz ezin izango dugu gure Herriaren etxea bortxakerian eta ezinikusian oinarritu eta eraiki. Izan erabateko fedea gugan, baikor eta tinko zaindari dihardugulako, Herriaren taupadak gertu-gertutik sentitzen ditugulako, eta inoiz Herriari leialtasuna agindu geniolako. Haren hobe beharrez lan egingo dugu beti. Eta horri guztiari eusten diogu. Helduko da eguna lagunok, askatasuna eta justizia lagun, Aberri bereko anai-arreba eta seme-alabok elkarri emango diogu besarkada".

Euskadiko aurreneko lehendakaria baino gauza gehiago izan zen José Antonio Agirre. Euskal demokraziaren zilegitasunaren erreferentea izan zen. Bizi-bizian heldu zion Euskadiren askatasunaren aldarriari eta Espainiako Errepublikarekin zintzoa izan zen; horrela bermatu zuen mundu osoko errespetua Euskal Herriko eskubideekiko. Horixe izan zen Askatasunaren, Demokraziaren eta Autogobernuaren alde dena eman zuen gizon eta emakumeek osatutako ereduzko belaunaldiaren garaipena eta lorpena.

80 urte geroxeago gogora ekartzen dugu garaipen hura, eta gure erakundeetan dakusagu haren isla, gure lehendakari Iñigo Urkullurengan, gure Eusko Jaurlaritzan eta Eusko Legebiltzarrean, edo gainontzeko erakundeetan, Ertzaintzan, Osakidetzan, Hezkuntza Sisteman edo EITBn kasu. Bi estatu, hiru administrazio, Herri bat, Euskaldunok, Zazpiak Bat, Euskadi, Basque Country Europan eta munduan. Haize berriak bai Nafarroan eta baita ere Iparraldean bertan. Etorkizuna. Itxaropena. Leialtasuna eta konpromisoa. Euskadi helburua politikoa, Euskal Herria osoa bihotzean. Euskara ahotan. Giza eskubide oso osoak barne erraietan eta guztiontzat. Gure nagusiek historiaren erronkari eutsi egin zioten eta totalitarismo faxistari eta bortxaren indarrari aurre egin zioten ausardiaz eta inteligentziaz. Haien oinordeko izateaz harro gaude oso. Milesker eta eskerrik asko belaunaldi pare gabe hari: Agirre, Irujo, Lizardi, Aitzol, Leizaola, Ajuriaguerra, Monzón, Heliodoro, Aznar, De los Toyos, Gracia, Astigarrabia, Nardiz, Landaburu, Kizkitza, Aranzadi, Aldasoro, Galíndez, Lauaxeta, Espinosa, Lekuona, Benito, Inosen, Jexuxmari, Nafarroako Lizarrako alkate izan zen Fortunato Agirre eta beste asko asko, askori...

Haiek gogoratzea eta eskertzea zuzena eta beharrezkoa da, eredu izan ziren eta. Izan zirelako gara, eta garelako eta nahi dugulako kimu berriak jaioko dira. Ohorea eta memoria. Herri txikien egun handirate aurrera, beti aurrera. Katea ez da eten.